Udate
Zinemaldiaren bilakaera gogora ekartzen duen argazki erakusketa
San Telmo Museoak Zinemaldiko 60 urteetan Donostiatik igarotako aktore eta zuzendarien 80 irudi biltzen ditu. Jaialdiaren ezohiko ikuspuntuak, parte hartzen duten hemezortzi argazkilariena, alegia, ezagutu ahalko ditu bisitariak doako erakusketa honetan.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Elizabeth Taylorren begirada sakonak ez du behar bioleta kolorerik esan nahi zuena adierazteko. Hori, eta beste hainbat artisten keinuak daude ikusgai atzotik irailaren 30era arte San Telmo museoak prestatutako doako argazki erakusketan. «Donostian ibiltari» izena daraman bildumak garai desberdinetako 80 argazki biltzen ditu, azken 60 urteetan Zinemalditik pasatu diren aktore eta zuzendari esanguratsuenak hilezkortzen dituzten irudiak.
Erakusketa museoan bertan aurkeztu zuten Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara zinegotzi Nerea Txapartegik, Pedro Usabiaga erakusketaren komisario eta argazkilariak, Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta San Telmo Museoko zuzendari Susana Sotok.
«Donostian ibiltari» bildumak Zinemaldiaren ezohiko ikuspuntu bat erakusteko eta zenbait anekdota ezagutzera emateko balio du, Txapartegiren esanetan. Adibidez, inor gutxik daki «Jaws» pelikula mundu osoan lehen aldiz Victoria Eugenia antzokian proiektatu zutela eta bertan izan zela Steven Spilberg bera. Bi urte lehenago, 1973an, Elizabeth Taylor jaialdiko istilurik famatuenaren protagonista izan zen: ia ordu eta erdi beranduago iritsi zen hirira bere filma («Night watch») aurkeztera, ez zituelako maletak topatzen. Sekulako txistualdia eskaini zion publikoak, baina bera irribarretsu agertzen da Jaime Basterretcheren argazkian. Taylorrek itxura gorde eta honakoa esan zuen: «Oso ondo ulertzen diet oihu egiten didatenei, baina ez dakite historiarako geldituko dena nire irribarrea izango dela», eta hala da.
Pedro Usabiaga erakusketaren komisario lanetan ibili bada ere, bere argazki batzuk ere jarri ditu ikusgai. Material bila egin duen lana oso luzea izan da, Zinemaldiari buruzko liburu asko argitaratu direlako, eta erakusketarekin batera atera duten katalogoa berezia izatea nahi zuelako. Berarentzat «erronka bat izan da irudi ezezagunak topatzea». Zinemaldiaren historia osoari errepaso sakon bat egiteko Koldo Mitxelenaren artxiboetatik hasi zen, eta ondoren Kutxa fundaziora jo zuen. Pixkanaka argazkilari askoren irudiak biltzen joan zen -erakusketan 18 profesionalen lanak biltzen dira-, eta batzuk oso egoera txarrean zeudenez banakako tratamenduari ekin zion. Denen arteko homogeneotasuna egoteko, irudi guztiak zuri-beltzean dira, kolore ezak argazkigintzari ematen dion xarmaz baliatuz.
Usabiagak argazkilari guztiei eskerrak eman zizkien hautatutako irudiek «magia berezia» dutelako, baina zenbait argazki aipatu zituen. Adibidez, Arturo Delgadok 1968an ateratako irudi batean, Julia Von Grolman Bretxako merkatuan ageri da, sardinei begira, eta Andresa Portugal arrain saltzaileak bi ale erakusten dizkio. «Aktorea liluraturik gelditu zen; ordura arte inoiz ez omen zuen ikusi sardinarik latatik kanpo», azaldu zuen.
Argazki sorta aipagarri bat Txema Ormazabalek utzitakoa da. Pedro Almodovarrek «Laberinto de pasiones» filma aurkeztu zuenean oso kritika txarrak jaso zituen publikoaren aldetik, baina bera «la movida madrileña»ko lagunekin etorri zen Donostiara, eta Flavio McNamararekin kontzertua eskaini zuen. Une horretako irudirik ez zegoela uste zen, baina Ormazabalek negatibo batzuk utzi zizkion Usabiagari eta bertan topatu zituzten. Aurkikuntza berezi honengatik Olvido Gara Alaskak katalogorako hitzaurre nostalgiko bat idatzi du.
David Calle argazkilariak, GARAko kolaboratzaileak, egindako argazki bat ere aipatu zuen komisarioak, 1994an Quentin Tarantino «Pulp Fiction» pelikula aurkeztera etorri zenekoa. «Argazki hau izugarria iruditzen zait. Bere eskuek pilotari batenak dirudite, hain dira-eta handiak», esan zuen. Callek pasadizo gisara kontatu zigunez, Tarantinori argazkia atera zion egunean Oliver Stone zuzendariarekin borroka egin zuen.
Zinemaldiak iaz hasi zituen San Telmo Museoarekin harremanak, eta bertan zinemari lotutako bi erakusketa egin zituzten. Aurten, eraikina «Zinemaldiaren etxe» bilakatuko da, Jose Luis Rebordinos zuzendariaren esanetan.