GARA > Idatzia > Kultura

Udate | Leitzako jaiak

Leitzarrek ere gaur arratsaldean emango diote hasiera beren «aste nagusiari»

Leitzan gaur hasiko dira jaiak eta asteazkena bitartean, dantzan, parrandan edota zezenen aurrean korrika ibiltzeko aukera izango du bertaratzen den orok. Bihar izango dute leitzarrek egun hauetako momenturik hunkigarriena, ezpata dantza, hain zuzen.

p053_f03.jpg

Aitor AGIRREZABAL | IRUÑEA

Leitzarrek beren aste nagusia ospatuko dute datozen egunotan. Urtero-urtero, Nafarroako zein Gipuzkoako jende ugari erakarri ohi du Leitzak abuztuaren erdi aldera, eta aurten ildo beretik jarraituko duen itxura dauka.

Jaiak ofizialki gaur hasiko dira herrian, eta, halere, pasa den asteburuan, kirol taldeek aurredenboraldia egiten duten moduan, leitzarrek Reparto Eguna egin zuten, jaietako giroa prestatzen hasteko. Festetako programaren banaketaren aitzakiarekin, festa egun bat gehiago ospatzeko aukera dute horrela. Igandean ere, Haurren Eguna izan zuten Leitzan. Txikiek beren txupinazoa eta guzti daukate. Eta jakina, egunean zehar puzgarriak, buruhandiak eta era guztietako jolasak ere izan zituzten. Aste osoan zehar deskantsatu eta indarrak ongi berreskuratu eta gero, gaur jaiei ekiteko gorputzaldi ezin hobean beharko lukete festa gogoz dauden herritarrek.

Arratsaldeko seietan, txupinazoarekin emango diete hasiera ofiziala jaiei, baina aurretik ere jai egitarauak hainbat aukera ematen ditu. Goizean, kuadrilla arteko herri-kirol lehiaketak jokatuko dituzte, herri bazkarira gosea eginda iristeko asmoz. Gauean aukera desberdinak izango dira, denak musikaz gozatzeko aproposak. Herriko plazan Trikidantz taldeak girotuko du festa. Kaleetan barna Incansables fanfarrea ibiliko da, eta gaztetxean DJ Patt-ek jarriko ditu dantzan hara hurbilduta- koak.

Nahiz eta gaurko eguna gogoz hartu eta ospatuko duten leitzarrek, larunbat eguerdian iritsiko da herritarren unerik maitatu eta bereziena. Jaietako momentutxoa da, eta herritar guztiak, esnatu berriak eta oraindik oherako bidea hartu ez dutenak ere, biltzen ditu ezpata dantzak.

Ezpata dantzak egiten ditu berezi Leitzako jaiak. 1936ko Gudaren ostean herrira hurbildutako iruindar batek dantzatu zuen lehenbiziko aldiz, eta ordutik, belaunaldiz belaunaldi iritsi da gaur egunera. Urtero, San Tiburtzio egunean, eguerdiko hamabietan Aurrera dantza taldeko kideek salto egiten dute herriko plazara dantzan jarduteko.

Dantzak bederatzi zati ditu, baina guztien artean bi dira esanguratsuenak. Alde batetik, hasierako agurra, non ikurrina alde batera eta bestera astinduz giroa berotzen hasten den; eta bestetik, bakarkako dantza. Dantza taldeko kide batek bakarrik burutzen du, herriko bizilagunek behin eta berriz haren izena oihukatzearekin batera. Elkartasun une berezia sortzen da Leitzako bizilagunen artean.

Asteburuko ajeak pasatuta, asteazkenera arte festek ez dute etenik izango Leitzan. Herri kirolek ere izanen dute beren txokoa egun hauetan. Harri-jasotzaileez gain, bihar, aizkolarien Euskal Herriko 3. mailako txapelketa jokatuko da herriko plazan. Astearte eguerdian, nesken pilota partidek hartuko dute garrantzia herriko frontoian. Gauean, gaztetxean, GlaukomaSoundSystem eta Zopilotes Txirriaos taldeek kontzertua eskainiko dute herriko jaien azken gaua ospatzeko.

Jai giroan ibili eta dantza egiteko parada egun oro izango da Leitzan. Era berean, zezenen aurrean korrika egiteko gogoz eta adorez dagoenak ere izango du horretarako aukera. Goizero, 09.00etan, entzierrro labur batean parte hartzeko aukera dago herriko plazaraino. Horren ostean, plazan bertan ere zezenak izango dira, baten batek horien aurrean ibiltzeko gogoa galdu ez badu ordurako.

BERTSOAK

Astelehen goizean herriko bertsolarien txanda izango da, eta arratsaldean berriz, Andoni Egaña, Julio Soto edota Maialen Lujanbioren mailako bertsolariek eskainiko dute saioa.

HERRIKO MUSIKA

Atekabeltz gaztetxean egunero egingo dituzte musika emanaldiak, baina astelehen gauean, herriko hainbat taldek euren herrikideen aurrean kontzertua eskaintzeko aukera paregabea izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo