Andoni Olariaga Filosofian lizenziaduna
Tsunamiaren ondorengo bestondoaz
Ia bi urte izango dira ezker abertzalea panorama politikotik kasik desagertuta (itxuraz) egotetik tsunami bat izatera pasa zela, Bildu koalizioaren txaluparen gainean. Itsasoaren teoria idatzi zen orduan: «orain itsasoa gara» kantatu genuen, eta «itsasoen gehiketa baino gehiago gara, gure destinoa askatasuna da» poema errezitatu genuen, baita ere. Lirika eta poesia asko egin zen fenomeno horren inguruan, baina etorkizunean etorriko ziren erronkei begirako hausnarketa politiko eta filosofiko gutxi. Eta, egia da, herri baten bihotz minduari arnas eta taupada berriak emateko lirika eta poesia ezinbestekoak dira, baina ez dira nahikoak. Izan ere, itsasoan gehienetan gertatzen denez, olatu hain handiak etortzen direnean, ondoren uzten duten aparra ere tamaina berekoa izaten da (Euskal Herriko Ama Lurraren metafisikoen ustez, naturaren konpentsaziorako joeragatik gertatzen da hori, naturan justizia balego bezala...). Aparrak, logikoa denez, bestondo handia utzi du Kantauri itsasoan.
Izan ere, batzuen ustez, 50 urtetako borrokaz eta lanaz sortu den kapital politiko eta humanoak transformazio ideologikoa jasan du, baita deriba erreformista edo sozialdemokrata ere. Ez garena izatera heldu garela irakurri dugu hor nonbait. Eta iruditzen zait, funtsean, kontraesan politikoari zaion beldurrak sortzen dituela erreakzio horiek. Aparraren artean kontraesanak sortzen baitira, eta horiek kudeatzeko deserosotasuna: arbitroak erosita daude eta partida jokatzeko haren epaiak onartu behar izaten ditugu maiz. Aitortu behar da erosoagoa zela, ñabardurak ñabardura, statu quoaren kontra egotea soilik: diskurtsoa bera errazago artikulatzen zen (zerbaiten kontra), teoria eta praxiaren artean kontraesanik ere apenas zegoen. Momentu horren falta sumatzen da askorengan. Horren erakusle da azkenaldian nabari daitezkeen kritika garbizale askoren biziberritzea; norbaitek XIX. mendeko testu kanonikoak hitzez hitz aplikatu nahi dizkio gure errealitate sozial eta politikoari (noski, horrela bai denok sozialdemokratak!).
Baina gaur egun, lehen bezala, «debekaturik gelditzen zaizkigunak, utopia merke eta gaiztoak dira; ez esperantzak [...] Utopia ez da utopismoa» (Azurmendi, Joxe. «Gizona abere hutsa da». 1975). Utopismo zaharretara bueltatzeko eskubidea al dugu orain? XIX. mendeko testuek mende hartako egitura eta errealitate sozialei erantzuten zieten; bertako kontzeptu askok ez dute balio gaur egungo errealitate sozial eta politikoak azaldu eta eraldatzeko. Gure gurasoen belaunaldikoek irakurtzen zuten -eta aski zahartuta geratu den- «Principios elementales y fundamentales de filosofia» (Politzer) liburuan ederki esplikatzen da pentsamendu metafisikoak egiten duen akats larri bat; hain zuzen, gizarte bakoitzeko testuinguru politiko, sozial eta ekonomikoa kontuan hartu gabe fenomeno edo proiektu politiko bat (klase borroka, sozialismoa, eta abar) leku guztietan berdin ematen dela, edo berdin eraiki daitekeela pentsatzea. Hortik abiatuta gizartea transformatzeko proposatzen diren eredu utopikoak ere halakoak izaten dira: utopismo anakronikoak.
Batzuk gogor tematzen diren arren, borroka instituzionala askapen sozial eta nazionalaren beharrezko beste aurpegi bat da. Izan ere, independentziarako prozesuak bi aurpegi dauzka: batetik, alderdi formala (euskal Estatua eskuratzea), eta bestetik, alderdi materiala (herrigintza edo nazio eraikuntzan sakontzea). Bigarren adar hori lantzen ez bada, euskal lurraldeen arteko kohesioa jorratuz, Udalbiltzaren bitartez, eta abar, arduragabekeria handia da independentzia formalean bakarrik tematzea (batez ere independentziaren aldeko gehiengo bat landu gabe badago lurralde guztietan).
Kontua oreka bilatzea da, alde bat edo beste puzteak (materialean gehiegi sakontzea independentismoa baretzeko estrategia izan baitaiteke: 1978ko estatutua horren erakusle) ekar ditzakeen arazoak saihesteko.
Hortaz, irabazteko bi aldeak lantzea ezinbestekoa da, ezein alde idealizatu gabe. Hau da, Ernesto Che Guevara ez da bakarrik gerrillen gerrakoa, edo Latinoamerikan zehar motorrean bidaiatu zuen iraultzailea; Kubako Banku Nazionaleko presidente eta Industria ministro izandakoa ere bada. Atzerriko kapitalen eta atzerriko interesen menpekoak ziren kubatarren eskuetan zegoen banka komertzial pribatua kubatarren eskuetan jartzera bidali zuen Fidelek postu horretara, ekialdetik tropak sartu ez zitezen borrokatzera bidali zuen bezala. Iraultzailea, hortaz, bata zein bestea da, ez pertsonaren zati erdia. Silvio Rodriguezen kanta batek dioen bezala, «te doy una canción, como un disparo, como un libro, una palabra, una guerrilla: como doy el amor».
Hori kontuan hartuta, Joseba Gabilondok gogorarazi digun bezala, gaur egungo erronka nagusia aurrekoarekin guztiz lotua dagoen ezkerraren arazo klasiko bat birpentsatzea da: pragmatismoaren (eguneroko praktika politikoa, instituzionala, eta abar) eta dimentsio utopikoaren (XXI. mendeko sozialismoa) arteko artikulazio berri batean asmatzea. Zaila da gizarte eredu berri bat pentsatzea (finean, Euskal Herrirako sozialismo bat) eztabaidan galdera berriak planteatu aurretik batzuek erantzun ziurrak baldin badituzte... Momentu honetan galderak pilatzen ari zaizkion eta erantzunen beharrean dagoen herri honetan, pentsatu beharko da agian galdera egokienak planteatzea izan beharko genukeela helburu, erantzun dogmatiko zaharrak errepikatzea baino. Horrekin batera, Alain Badiouk dioenez, gizartearen eta gizakiaren harremana artikulatzeko beste eredu bat posible dela pentsatzeko konfiantza beharko da, proiektu komunean konfiantza. Eta ondoren, fidelitatea, batera egotea ezinbestekoa delako.
Are gehiago, «ez da nahikoa fidelitatea noizean behin eta zoriz izatea. Inperatibo bakarra jarraitzea da, ez etsitzea, zeren eta konfiantza horrek berehala aurkituko ditu oztopo handiak, frakasoak, ezintasunak» (2000. urteko apirilaren 24-25eko konferentzia). Noski, ezin daiteke ados egon ezker soberanistak proposatzen duen guztiarekin; fidelitatea edo militantzia ez da obedientzia edo konplazentzia dogmatikoa, ikuspegi kritikoa baizik. Baina Amparo Lasheras ezker abertzaleko militanteak elkarrizketa batean gogorarazi digun bezala, agian ikuspegi kritikoa norbere herriko batzarretan landu behar da batez ere, umiltasunez eta norbere nartzisismoa elikatu gabe (denok dugu-eta gurea).
Egungo egoeraren ageriko mugak eta kontraesanak aintzat hartu (eta egindako hanka-sartzeak, baina baita asmatutakoak ere) eta batez ere egoeraren aukera zabalei erreparatuz, zeruertza argia da, euskal Estatuarekin arazo nazionalaren partida bukatzen da: egitura juridiko bat, ez gutxiago ez gehiago. Ez da gutxi. Horraino bidea elkarrekin egitea ez litzateke gutxi eskatzea. Eta helmuga horretarako estrategia politikorik ez dagoela diotenek ez dute arrazoirik falta; alabaina, kontuan hartu beharko lukete estrategia zehatz eta definitibo bat egituratzea etsaiaren kontraerasoari erraztasun osoa ematea dela. Alegia, etsaiari esaten baldin badiot nire erasoa mendebaldetik izango dela, eta arratsaldean sartuko naizela artilleria eta zalditeria guztiarekin, nire porrota aldez aurretik ziurtatuta dago. Noski ez dagoela estrategia politiko zehatzik, ezin delako egon! Aldiz, estrategia egunez egun, etsaiaren mugimenduen arabera, norbere indarrak neurtuz eta testuinguru politiko jakin bakoitza kontuan hartuz egituratzen da: bide guztiak zabalik izan behar dira, badaezpada. Gerraren artea, bere formetan, ez baita asko aldatu antzinatik hona.
Bukatzeko, gaur egungo egoera deskribatzeko, Arnaldo Otegik egindako autokritiketako bat ekarri nahiko nuke; alegia, ezker abertzalearen arazo handienetako bat izan dela estatua bera garaitzen ari zenean ez dela jabetu izan horretaz. Politikan egin ezin daitekeen oparia egingo genuke, berriz ere harri berean hirugarren aldiz estropezu egingo bagenu.