Pello Urzelai 2012/8/9
Erantzukizun saihetsezina
berria
Era sistematikoan, euskal presoen senideak euren hurkoak ikusi ahal izateko astero-astero milaka kilometro egitera behartzen direnean, istripu bat gertatzen denean, ez da kasualitate bat, eta ez da patu tamalgarriaren ondorio bat. Errepideak berezkoa duen arriskua halabeharrez ezartzen zaie euskal presoen senide eta lagunei. Haien bizitza arriskuan jartzen duen zigor baten modukoa da sakabanaketa. Istripuak ez dira ezbeharrak, halabeharrez espetxe polita jakin baten arabera ezarritako arrisku horren ondorio baizik. Etxerat-ek atzo airean utzitako galdera ez da erretorikoa: «Haur batek zergatik ordaindu behar du bere biziarekin aita ikusteko duen eskubidea?».
Urruntzea eta sakabanatzea ardatz dituen espetxe politika diseinatu, indarrean jarri eta mantentzen duten arduradun politikoen erantzukizuna saihetsezina da. Mikel Egibarren bikotekideak eta seme-alabek izan duten istripu larria eta aurretik gertatutako istripu ugari ekidin zitezkeen. Joan den urrian, ETAk armak uzteko erabakia hartu ondoren, askoz errazago zuen Espainiako Gobernuak sakabanaketa eta urruntzea amaitzea. Beraz, sakabanaketaren eta urruntzearen ondorio larrietan duen erantzukizuna gogorarazi behar zaio. Gaixo larri dauden presoen egoera okertzean duen erantzukizuna bezala. Beste era batera jokatzeko tresnak dituzte botere publikoek, gizalegez, eta ez mendekuz. Josu Uribetxeberriak, minbiziak jota dagoen presoak, ETAren biktimei errespetua adierazi die, eta duin hiltzea baino ez du eskatu beretzat. Premiazkoak dira egoera horiek aldatzeko neurriak.