GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Karmele Jaio 2012/8/10

Beldurraren beldur

Deia

Nahikoa da!, egin diet oihu seme-alabei. Ezin dutela egun guztia marrazki bizidunak ikusten egon, etxeko telebista bahituta dutela, gurasoak ez garela munduan gertatzen denaz enteratzen ia, Teleberri triste bat ikusteko aukerarik ere ez dugula. Mandoa hartu, marrazki bizidunak kendu eta albistegia jarri dut. Umeek telebistari begira jarraitu dute. Halako batean gorpuak agertu dira lurrean, pertsona zaurituak odolez gainezka... Zer da hori?, galdetu dit beldurra begietan seme nagusiak. Ezer ere ez, erantzun diot, eta bitan pentsatu gabe katea aldatu dut. Doraemonen musika entzutean lasaiago sentitu naiz. Umeak ere bai.

Beldur diot umeek bizitzari eta mundu honi beldur izateari, eta aitortu behar dut arazo bat dudala beldurraren neurriarekin. Izan ere, beldur pixka bat beharrezkoa dela uste baitut euren burua zaintzen ikasi dezaten. Jakin dezaten ezin dutela errepidera korrika irten edo hondartzan urrunegi joan igerian. Baina non dago neurria? (...)

Azken urteetan, ama naizenetik, gehien ahoskatu dudan hitza "kontuz" da, eta askotan pentsatu dut mundua beste ezeren gainetik leku arriskutsu bat dela sinistarazi diedala seme-alabei. Ez nuke nahi hala izatea. Baina noiz hasi behar zaie erakusten umeei mundu hau ez dela Disneyrena? Mundu honetan gauza oso onak baina oso txarrak ere gertatzen direla?

Duda barik, beldurra da gizarte honetan jendea kontrolatzeko armarik eraginkorrena. Txikitatik, beldurrean hezi gaituzte, zerbait txarra eginez gero mamua etorriko dela mehatxatuz. Beldurrak paralizatu egiten gaitu, des-aktibatu, indarra kentzen digu, eta beldur diot makina guzti horren beharrezko engranajea bihur-tzeari. Eta horrela, neure burua torturatzen dudan bitartean, ezin dut kanta burutik kendu: Gora ta gora beti, Doraemon...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo