GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Eider Imaz Tolosaldeko ezker abertzalea

Gure elkartasun osoa duzue

Abuztuak 7 asteartea, «Mikel Egibar preso zizurkildarraren bikotekide eta seme-alabek istripu larria izan dute espetxetik etxerako bidean...». Albiste iluna-latza-kezkagarria.

Euskal Herrian ez du etenik mendeku politika basatiak. Josu Uribetxeberriaren irudia begietan eta sakabanaketaren eskua azaldu da beste behin.

Euskal Herrian, urte luzeetako gatazka politikoak ez du etenik. Zutik Euskal Herria, Aiete, ETA erakundearen urratsa, urtarrilak 7, indar metaketa, Gernikako akordioa,... urte luzeetako hariaren joskera izan dira. Herri honen duintasuna-irmotasuna plazaz plaza agertzen da. Parean gaituzue, herri bat gara, gure buruaren jabe izan nahi eta behar duen herritarrak gara... hori da urteetan herri honek erakutsi duena eta espainiar zein frantziar gobernuei esan, exijitu dieguna.

Estatu hauek, aldiz, «ez» inposatzen digute. Erabakitze eskubideari, gatazka konpontzeari, preso politiko gaixo larriak etxeratzeari, 3/4ak beteak izan arren preso politikoak kaleratzeari, sakabanaketaren eskua desagerrarazteari, azken batean, «ez» herritar guztiok guztion artean lortu dugunari esan nahi diote.

Abuztuak 7 asteartea, sakabanaketa onartu zutenek ekarri digute berriro albistea. Preso guztiek beren jaioterritik gertu dagoen espetxean egoteko eskubidea omen, baina PP, PSOEren laguntzarekin zein PNVren mututzearekin, sakabanaketaren iraupena bultzatzen dabiltza. Hala nola maitasuna eta elkartasuna ordu batzuen bueltan espetxeetaraino garraiatzen dituzten senide eta lagunak eginaz derrigorrezko protagonista. Sakabanaketa itsu eta bidegabeak Mila eta bi haur erietxera eraman ditu larri.

Astero-astero maitasunaren mezulari diren oro, bidegabezko legeek kolpatzen jarraikiaz. Euskal preso politikoen gaineko zigorra biderkatu, hirukoiztu... eginaz. Mendekua dute helburu gatazka politikoaren konponbideari lotu ordez. Herri honek ez du etenik eta herritarrok «ez» handi hori apurtzen ari gara eta apurtzera goaz. Gure buruaren jabe izan arte ez baitugu etenik izango. Euskal preso politikoak euren jaioterrietan nahi eta behar ditugu.

Mikel, Mila eta haurrak, asko erakutsi eta eman diguzue eta gure elkartasun osoa duzue. Indartsuak zaretenez, laster elkar ikusiko dugu Zizurkilgo plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo