GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Musika barrokoa izango da protagonista gaur Lekeition

Atzo hasi zen Lekeition Nazioarteko Itsas Soinua Musikaldiaren 34. edizioa Kanthoria taldeak Santa Maria elizan eskainitako emanaldiaz. Gaur, berriz, Euskalbarrok Ensemble izango dugu entzungai, gaueko hamarretan leku berean. Abuztuaren 15ean amaituko da jaialdia.

p055_f01_149x117.jpg

Alvaro HILARIO | LEKEITIO

Musika barrokoa egiten duen Kanthoria taldeak izan zuen 34. Nazioarteko Itsas Soinua Musikaldia zabaltzeko ardura. Aro horretako musika jorratzen du gaur gaueko hamarretan Santa Maria elizan kontzertua eskainiko duen Euskalbarrok Ensemblek.

Atzo hasitako Nazioarteko Itsas Soinua Musikaldia datorrean asteazkenean, abuztuaren 15ean, bukatuko da. Bost egunez Lekeitio musikaz josiko duen musikaldia izango da aurtengoa: musika barrokoa, Erdi Arokoa, errenazentista eta jazza izango ditugu entzungai, besteak beste.

Ekimena Itsas Soinua elkarteak antolatzen du eta Lekeitioko Udalaren babes eta laguntzarekin egiten da.

Kontzertu guztiak gaueko hamarretan izango dira, Santa Maria Elizan. Sarrerak 5 euroan izango dira.

Egitaraua ederra

Gaurko emanaldian Euskalbarrok Ensemble taldeak eskainiko du, Enrike Solinisen zuzendaritzapean.

Hamar musikarik osatua da Euskalbarrok Ensemble: Maria Espada, sopranoa; Lina tur Bonet, kontzertinoa; Pavel Amilcar eta Juliano Buosi, biolinak; Asier Arabolaza, biola; Josetxu Obregon, txeloa; Jose Garate, kontrabaxua; Pedro Esteban, perkusioa; Aaron Zapiko klabea; eta Enrike Solinis, lautea eta zuzendaritza.

Bihar, abuztuaren 13an, ordea,

Helena Orcoyen soprano gaztea izango dugu izar nagusi. Ibarrako 25 urteko sopranoa, lirikaren arloko esperantza gaztea bihurtu da. Benetako ohorea da guretzat Lekeition emango duen emanaldia. Bere ondoan Joseba Candaudap izango dugu pianoa jotzen.

Datorren asteartean -abuztuak 14- Jon Urrutia Cuartet -en jazzaz gozatzeko aukera izango da. Julien Augier baterian, Javier Moreno kontrabaxuan, Enrique Olivear saxofoian eta Jon Urrutia pianoan arituko da.

Musikaldia abuztuaren 15ean itxiko du Amadeus Camerataren ikuskizunak. Kordobatik etorritako musikari gazteek bildutako jendetza hunkituko du, dudarik gabe.

Lekeitioko musikaldiak, beraz, itsasoaren soinuaz gain, punta puntako musika ekarriko du herrira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo