GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Abesbatza Txikiaren doinu alaiekin hasi zituzten jaiak Agoitzen

Abesbatza Txikiko kide guztiek hartu zuten atzo Agoizko Udaletxeko balkoia, Eba Leatxe zuzendariak jaiei hasiera emateko suziria pizten zuen bitartean. 25. urteurrena bete dute aurten eta ekitaldi hori aprobetxatu dute mende laurden hori ospatzeko.

p060_f02_148x124.jpg

Martxelo DIAZ | AGOITZ

San Migel Abesbatza Txikiak aurten 25 urte betetzen dituela-eta, bertako kideek Agoizko jaiei hasiera emateko txupinazoa jaurti zuen atzo eguerdian. Eba Leatxe abesbatzako zuzendaria izan zen etxafuegoari su eman ziona. Eguerdirako minutu eskas falta zirenean, Unai Lako alkateak (Bildu) zapi gorria eman zien abesbatzako kide guztiei.

Leatxek eskerrak eman zizkion Agoizko Udalari aitorpen horregatik. Honekin batera, herriko kultur taldeekin egindako lana ere ekarri zuen gogora. «Agoiztarrak, gora Agoizko jaiak! Agoizcos, agoizcas. ¡Viva San Miguel», oihukatuta eman zien hasiera festei Leatxek.

Leatxek suziria piztu bazuen ere, abesbatzako kide guztiak ziren udaletxeko balkoian jaiak hasi zirenean. Pitin bat lehenago, udalbatza aretoan, «Kukue» abestu zuten festak girotzen hasteko asmoz.

Bigarren suziria Agoizko futbol taldeko gazteen taldeari egokitu zitzaion, aurten Nafarroako Kopa irabazi dutelako.

Suziria piztu baino lehen kartel lehiaketen sariak banatu zituzten. Helduen kategorian Patxi Huarte gailendu zen eta, haurrei dagokienez, Leire eta Mikel Guerra anai-arrebek irabazi zuten.

Aurten, Agoizko jaiek aurrekontu murrizketari aurre egin izan behar diote, egoera ekonomiko larria dela eta. Gauzak horrela, 40.000 euro gutxiago gastatu dute aurten, hain zuzen, 116.000 euro.

Unai Lako alkateak nabarmendu duenez, murrizketa egin badute ere, ez dute egitarautik ekitaldirik batere kendu. Hori bai, prezioak jaitsi behar izan dituzte. Horrela, iaz su artifizialak bost egunetan izan bazituzten ere, aurten soilik hiru egunetan izango dituzte. «Musika taldeak ere merkeagoak dira, baita bigantxak edo haurrendako jokoak ere», azaldu zion Lakok GARAri.

Diru murrizketei aurre egin ahal izateko, jaien antolakuntzan herritarren parte hartzea handitzea izan da Agoitzen topatu duten irtenbidea. Iaz ere hori egiten saiatu ziren, baina hauteskundeak maiatzean izanda ez ziren garaiz heldu abuztuko jaietarako.

Aurten, berriz, urte osoa izan dute herriko kultur taldeak biltzen dituen Kulturgunea izeneko batzordea martxan jartzeko. «Udalak batzorde horretan erabakitzen den guztia errepestatuko zuen konpromisoa hartu zuen», azaldu du Lakok.

Hala, erabaki horietako bat herriko jaietan herriko taldeek parte hartzea izan zen. Adibidez, aurreko urteotan DJak kanpotik ekartzen zituzten eta aurten Agoizkoak dira.

Pilotarekin antzeko zerbait gertatuko da. Gaur arratsaldeko seietan izango den festibala mistoa izango da. Alde batetik, Arfe enpresako kideak esku pilotan arituko dira eta, horiekin batera, Agoizko Erremonte Eskolako kideak arituko dira festibal horretan herriaren aurrean urtean zehar ikasitakoa erakusteko asmoz.

Bestalde, haurrentzako jolasei dagokienez ere berrikuntzak izango dira aurtengo Agoizko jaietan. Orain artean bost eta hamabi urte arteko haurrentzako baino ez zeuden pentsatuta joko hauek. Aurten parkean bost urtera arteko haurrentzako joko bereziak izango dira, bai eta hamabi eta hemezortzi urte arteko nerabeentzako ere. «Bi adin tarte hauek orain arte ahaztuak ziren», nabarmendu zuen Lakok.

KANTARIAK

Aurten 25 urte bete dituela-eta, Agoizko San Migel Abesbatza Txikiko kideek, Eba Leatxe zuzendaria buru zutela, jaurti zuten txupinazoa udaletxeko balkoitik.

KIROLARIAK

Agoizko futbol taldeko gazteak izan ziren jaiei hasiera emateko bigarren suziria piztu zutenak. Aurten Nafarroako Kopa irabazi dute eta Udalak egindako lana eskertu nahi izan zien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo