GARA > Idatzia > Ekonomia

Aurrera egiteko ados jarri ezinik, Ziburuko portuko Logicoop ixtea erabaki dute

Hilabeteak (batzuek urteak ere esango lukete) igaro ditu Donibane Lohizune-Ziburuko portuko Logicoop arrantzaleen kooperatibak barne-liskarretan, beren jarduera nondik nora eraman adostu ezinik. Azkenean, berrikitan egindako ezohiko batzarrak egitura deuseztatzea deliberatu du.

p024_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA

Arrantzaleen jarduera lagundu eta sustatzeko egitura baten desagertzea ez da, ez, berri ona. Are gutxiago, sektorearen arazoak eta zailtasunak horren handiak direnean, eta zer esanik ez, Lapurdiko arrantza-portu bakarrak irauteko egin behar dituen ahaleginak ikusirik. Hori gertatu da Logicoopekin. Duela 50 urte sortutako Itsasokoaren oinordeko Hegokoarekin bat egin zuen 2005ean, eta geroztik zerbitzu ugari eskaini dizkie arrantzaleei: lanabesen biltegia, algen merkaturatzea, garabi eta hainbat tresneriaren kudeaketa eta mantenua eta, garrantzitsuena, portu osorako izotz hornikuntza.

Horixe izan da, hain zuzen, atzetik zetozen barne-kalapiten upelak gainezka egin izanaren arrazoia. Izotza egiteko makinak hainbat matxura izan ostean, erabat hondatu eta Logicoop esleitua zuen zerbitzua bermatu ezinik geratu zen. Makina konpontzeak zuen gastuari aurre egin ezinik, Dominique Dirassarek zuzentzen duen Administrazio Kontseiluak Merkataritza eta Industria Ganberari (MIG, portua kudeatzen duena) saltzea deliberatu zuen.

Erabakiak sumindu egin zituen Logicoopeko zenbait kide, batez ere Ramuntxo Iturrioz aurretik presidente izan zenaren ingurukoak, eta barne desadostasunak areagotu egin ziren. Aurrera egiteko egitasmoetan ados jartzea lortzen ez zutela-eta, azkenean, elkartearen jarduera bertan behera uztea erabaki dute. Ordezkatutako bozen erabilera dela medio, bozketa bera liskartsua izan zen, nahiz eta barne-estatutuek aukera hori onartzen duten.

Orain, hamabost bat itsasontzi biltzen dituen kooperatibak aktiboak likidatu eta bere gain zituen zerbitzuen hartzaileak bilatu beharko ditu, erabat desegin aurretik.

Itsas baliabideekiko errespetua

Azken urteetan itsas baliabideak errespetatzeko neurrizko arrantza tekniken erabilera sustatu du Logicoopek, eta Lapurdin arrantzaren jarduera mantentzeko borrokatu izan da, batez ere, Donibane Lohizune-Ziburuko portua kirol eta aisialdiko jarduerek irentsi ez zezaten. Gorabehera handiak izan ditu MIGekin, entzutetsuena, itsasontziek berek arrantzatutakoaren salmenta zuzenaren ingurukoa. Arrantzaleei diru-sarrera gehigarriak ahalbidetzeko modu hori aspaldi legez onartua zegoela ohartuta, Logicoopek Donibane Lohizuneko kaiaren aldean dagoen lokalean arraina zuzenean saltzen uzteko eskatu zion MIG-i.

Alta, bertarako MIGek beste proiektu batzuk zituela-eta, ez zien lokala erabiltzeko baimenik eman. Halarik ere, arrantzaleek lokala okupatu zuten. Auzia epaitegira ere heldu zen eta okupazioa bertan behera utzi zuten arren, karpa bat jarri zuten beren arraina saltzeko. Geroztik, MIGek salmenta zuzenerako prestatutako eraikin bereziak jarri ditu, baina Ziburuko kaiaren aldean. Horrekin ere talka egin dute Logicoopeko arrantzaleekin. Izan ere, Donibane Lohizuneko aldea jendeari arraina zuzenean saltzeko egokiago dela deritzote itsas-kooperatibakoek.

Orain, bere egitura deuseztatzea erabaki ostean, salmentaren aferarekin zer gertatzen den ikusi beharko da. Duela egun batzuk, preseski, sei bat poliziak beren itsasontziko arraina saltzen ari zen emakume bati handik kentzeko agindu zioten.

La Basquaise, lehiakide?

Portuko La Basquaise kooperatiba indartsuarekin halako lehian ere ibili izan da Logicoop, garai batzuetan bederen. Hain justu, okupatu zuten lokalari begira La Basquaisek aurkeztutako proiektua onartu zuen Portuko Kontseiluak (MIGek barne), eta horren harira bien arteko harremanak zapuztu egin ziren.

Robert Sansebastian La Basquaiseko lehendakariak ez du, halere, berri ontzat hartu Logicooperen itxiera. «Inor ez da pozten kooperatiba baten desagerpenarekin, portuaren antolakuntza orokorra ahultzen baitu».

Egun batzuk barru, abuztuaren 15ean, berak gidatzen duen kooperatibak denda berria irekiko du itsas-produktu eraldatuak saltzeko aitzineko enkante-aretoan, Logicoopek bere arraina saldu nahi zuen lokalean. Denborarekin, urteetako tirabirak leundu eta urak baretuko dira seguru asko, baina orbanak geratuko dira, itsasotik bizi direnentzat batere lagungarri izango ez direnak.

Kaskarot marka, bertako ekoizpena saltzeko

Donibane Lohizungo kaian zabalduko den dendan itsasoko eta inguruetako beste ekoizpenak salduko dituzte: sagardoa, txakolina, Ezpeletako piperrak...

Hasiera batean itsas-produktuak Bermeo, Getaria, Santoñako eta Bretainiako portuetatik ekarriko dituzte, baina urte amaiera baino lehen, Lapurdiko portuko arrainarekin (antxoa, sardina eta atuna) kalitate handiko kontserbak egitea dute helburu. Xede horrekin, berezko marka bat ere erregistratu dute, Kaskarot, Donibane Lohizune eta Ziburuko herritarrei maiz ematen zaien deituratik hartua.

Kontserbak Kantabriako enpresa batean egingo dira, baina ez dute baztertzen denborarekin inguruetan lantegi bat ezartzea.

La Basquaisek 300.000 euro inbertitu ditu proiektuan. Herriko Etxea da jabea eta hemezortzi urterako alokairu-kontratua sinatu dute. Hilero 900 euro ordaindu beharko dizkio. Dendan bi langile ariko dira. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo