GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Arrisku-gariaz

Udan garela ezin ukatu. Ez, ez nago sasoiko ikastaroez, ez eta hedabide batzuen sasoiko sugeez ere. Egunotako beroaz nago. Errezeten bila ibili naiz gure ortuak erruz ematen dituen pepinoei sabelerako bidean bidaide hotz berriak aurkitu gurarik. Esan gabe doa niri pepinoa axola egiten zaidala, gaztelerazko esaera zaharrak kontrakoa badio ere. Tira! errezeta bila hasi eta hara! errezeta elektronikoak ageri zaizkit pantailan, farmaziatik pasatzeko zer berri horiek, pepinoa botika balitz bezala. Beroa bai, Ipar Amerikako lursailak lehorte luzea ari omen dira jasaten, laboreen kaltean, are gehiago horien prezioan. Baina munduko ordena bere horretan mantentzen duten bitartean lehentasuna bioerregaiek dute; hortaz, itxaron daitezela munduan gosearen eraginez laboreen zain diren horiek. Jainkoa! Lehentasu- nak lehentasun!. Laboreak lehengaia dira, bai, erregaiez gose diren autoentzat lehengai, eta hori lehenago gosetien sabelentzat baino. Kantariak kantuan esan bezala: honela jarri zuen jaunaren legeak!. Merkatua jaun, bai, eta jabe. Baina egunerokoan ez digute esango laboreen prezioak egunez egun duen arrisku-saria, nonbait elikagaiena den horrek zerikusirik ez baitu benetakoa eta bakarra den krisiarekin. Amen. Laboreak munduko merkatutik atera eta lekuan lekuko azokara eramaten ez ditugun bitartean jai dute askoren sabelek!. Hauentzat arriskua garia da, edo hobeto esanda, gariaren saria. Eta elikagaiak azokara eramaten ditugun bitartean han-hemengo supermerkatura sartu beharko da, benetan lehengaia dena eskuratzeko.

Baina ez dute gosetiek kezkatzeko motiborik. Ezetz ba!. Laster Marte hobeto ezagutzeko aukera izango dute eta!. Curiosity tramankulua marteratu dute. Hau kolpea! Lurrean lurtar askori gertatzen zaionaz kuriositate bat bera izan ez eta hango balizko bizitzaz jakin gosea asetzeko hara joatea!. Marten topatuko ote dute Lurreko arazoen konponbidea?. Tira, erantzun baino lehenago zehaztu beharko genuke zeintzuk diren planeta honetan benetako arazoak. Amen. Eta amen esan dudala, hemengo gotzainak pozarren ei dira beheko Estatuko zer Goren horren azkenarekin, hots, erlijioak ikasgeletan behar duela, oinarrizko ikasgaien artean funtsezko. Kawen!. Hobeto ordu horietan Lurreko benetako jaunak eta paradisu... fiskalak hizpide izango balituzte, eta ostiei beraiei helburu berriak topatu ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo