GARA > Idatzia > Mundua

Quebeceko Ikasle mugimenduak hauteskunde kanpainaren ataria aztoratu du

Parlamenturako hauteskunde kanpaina hasia da Quebecen eta lehen bi indarrak, liberalak eta independentistak, parez pare daude. Gobernuak hezkuntza tasen igoera iragarri zuenetik, ostera, egoerak eztanda egin du eta hauteskunde kanpaina ere zipriztindu du.

p020_f01141x200.jpg

Garazi MUGERTZA

Aurtengoa independentisten urtea izan daiteke Quebecen. Eginiko azken galdeketek hala diote, nahiz eta egun Gobernuan diren liberalek gertutik jarraitzen dieten. Independentziarako joera, ordea, ez da Alderdi Quebectarraren aldeko masa piztu izanaren ondorio, azken urteetan gestioaz arduratu den Alderdi Liberalak eta bereziki Jean Charest lehen ministroak galdu duen konfiantza eta onarpen mailagatik baizik.

Horren arrazoi nagusia lehen ministroak krisiaren aurrean ezarritako neurriak izan dira, baina baita ikasleen matrikulazio tasak igotzeko erabakiaren aurrean sortutako mobilizazio uholdea ere, hots, 78 Legearen aplikazioarekin areagotu zen uholde «historikoa».

Galdeketaren emaitzen arabera, Charestek botoen %31 jasoko luke datorren irailaren 4ko hauteskundeetan. Bere aurretik geratuko litzateke Pauline Marois, Alderdi Quebectarreko hautagai independentista, botoen %33 jasota. Hirugarren postua Etorkizuneko Quebec Koalizioak lortuko luke. Koalizio hau ideologikoki bi alderdi nagusien artean kokatzen da eta, egoera irauli ezean, Gobernua osatzeko giltzarria izango da.

Independentista zein liberalek gizarte esparru ezberdinengana zuzendu dute euren kanpaina. Charesten alderdiak helduei eta bereziki ingelesez mintzo direnei dei egiten die. Maroisen alderdiak, berriz, gazteengana jo du. Erabaki arriskutsua da; izan ere, Quebeceko gazteriak ez du botoa emateko joera eta abstentzioak gora egin ohi du urteak aurrera doazen heinean. 2008ko hauteskundeetan gazteen %36k soilik bozkatu zuten. Maroisek Parlamentuan onartutako 78 Legea gaitzetsi zuen eta une oro ikasleen protestekin bat egin du.

Hauteskundeetatik harago

Quebeceko ikasle mugimenduak hilabete asko eman ditu mobilizazioak eginez, Jean Charest lehen ministro liberalak iragarritako hezkuntzako matrikulen tasen igoeraren eta gerora onartutako 78 Legearen aurka protesta egiten. Lege horrek unibertsitate batetik 50 metro baino gutxiagora jende multzo handiak elkartzea debekatzen du, Poliziari 8 ordu lehenago jakinarazpenik egin ezean, hamar pertsona baino gehiagoko manifestazioak debekatzen ditu eta unibertsitateko egunerokoa aztoratzen duten manifestazioak eginez gero, arduradunei mila eurotik gorako isunak ezartzea baimentzen du.

Aste honetan zehar ikasleak greba orokorrari berriro ekin edo ez eztabaidatzen eta bozkatzen aritu dira, lehen datuek abstentzioa handia izan dela agertu arren. Alderdi Quebectarrak eta Etorkizuneko Quebec Koalizioak hauteskundeak igaro artean protestak bertan behera uzteko eskatu diete, liberalei mesede egin diezaieketelakoan. Izan ere, galdeketen arabera, quebectarren gehiengoak ez du protestekin bat egiten.

Ikasle sindikatuek, aldiz, argi dute erabakia ikasleen esku dagoela eta ez alderdien mesedetara. CLASSE sindikatuak -borrokaldian zehar jarrera gogorrena erakutsi duena- grebarekin jarraitzearen aldekoa da eta hauteskundeetatik harago «etorkizuneko Quebecen gainean hausnartzen jarraitzea beharrezkoa» dela deritzo.

«Unibertsitaterako sarreraren inguruan mintzo gara, baliabide naturalen gestioaz, demokraziaren krisiaz. Gure ustetan, hauteskundeak ez dira nahikoa izango gatazka konpontzeko, ez dio axola ze alderdi dagoen Gobernuan».

Ideia honekin eta ikasleen erabakitzeko eskubidea oinarri izanda, CLASSE sindikatuko kideek «mobilizazioek hauteskunde kanpainan zehar eta hauteskundeen ostean ere jarraitu behar» dutela uste dute, «Quebecek azken hilabeteetan altxatu den aldaketa haizea indartsuegia da hauteskunde batzuk direla-eta apaltzeko. Ikasle grebak jarraitu ezean ere, herri mobilizazioa bere horretan mantenduko da».

Ikasturtea hasteko gero eta gutxiago falta den honetan, jakiteko dago oraindik Quebecen piztutako ikasle olatuak zein norabide hartuko duen, baita herritarrak independentisten agintaldi berri baten atarian diren ala ez, edota ikasleen erabakiak hauteskundeetako emaitzetan zein eragin izan dezakeen. Argi dago, ordea, ikasle mugimenduak landatutako hazia estaltzea kostako dela.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo