Hobekuntza ezarri eta 30 urtera herriari hitza emateko eskatu dute
Foru Hobekuntza ezarri zenetik 30 urte bete ziren atzo eta, horren karietara, ezker abertzaleko, EAko eta Aralarreko egungo agintari eta parlamentari ohiek banaketan eta ukazioan oinarrituriko sistemak porrot egin duela nabarmendu zuten. Hori dela eta, hitza herriari emateko eskatu zuten, nafarrek euren etorkizuna erabaki ahal izateko eta Hego Euskal Herriko beste lurraldeekin zein harreman eta instituzionalizazio izan nahi duten hautatzeko.
Martxelo DIAZ |
Nafarroako Foru Hobekuntza indarrean jarri zenetik, 30 urte bete ziren atzo eta, hori dela eta, ezker abertzaleko, Aralar eta EA alderdietako ordezkariek lege horrek bultzatu zuen estatusa agortua dagoela eta herriari hitza ematea ezinbestekoa dela adierazi zuten. Alderdietako ordezkariekin batera, 30 urteotan parlamentari izandako hainbat lagun bildu ziren atzo Iruñean.
«Une hauetan nafarroi estatus politiko eta instituzionala inposatu zigutenen porrot bikoitza azpimarratu behar dugu. Nafarrek berretsi ez zuten estatus politiko eta instituzionalaz ari gara, euskal lurraldeak instituzio bateratuez hornitzea ukatu zuenaz, hain zuzen», nabarmendu zuten Patxi Lasak eta Pernando Barrenak.
Foru Hobekuntza inposaketa izan zela gogorarazi zuten. «Nafarroa estatu-gai gisa tratatua izan zen beste behin ere, Nafarroako eskuinak prozesu aurreautonomikoa erabili zuen Nafarroa espainolaren ideia inposatzeko, era honetan Euskal Herriko andre-gizonei, tartean nafarrei, era askean beren bidea eta etorkizuna erabakitzeko aukera ukatuz», esan zuten.
Trantsizioa delako garaian kokatu zuten Hobekuntza, ordura arte frankismoan onurak izan zituen eskuinak «demokrata berri» bilakatzeko prozesuan. Garai horretan, Nafarroan errepresio basatia izan zela oroitarazi zuten. Hala, Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Jimenez hil zituzten Jurramendin 1976an; Jose Luis Cano, Iruñean 1977an; German Rodriguez, 1978ko sanferminetan; eta Gladys del Estal, Tuteran, 1979an izandako nuklearren aurkako protesta batean. «Langile eta herri borroken aurkako errepresioa zen, gizarte eredu ideologikoki kontserbadore eta zaharkitua inposatu nahi zuena», gaineratu zuten.
PSOEren iritzi aldaketak Hobekuntza ezartzea eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeak banatzea bermatu zuela ere aipatu zuten.
«Ereduaren porrot izugarria»
«30 urte beranduago ikus dezakegu Foru Hobekuntza eta bere garapena porrot izugarria izan dela. 30 urteren buruan izan diren PSN-UPN eta UPN-PSN itun anitzen ondotik, jendarteak argi ikus dezake Nafarroa bere etorkizun ekonomikoa kudeatzeko aukerarik gabe utzi dutela, Madrildik datozen exijentzia guztiei lotsagabe men eginez. Legeen derrigorrezko izaeraren atzean ezkutatzen dira, hiritarren beharrizan eta eskubideak ahazten dituzten bitartean. Foru Hobekuntzan oinarritutako egungo markoa oztopo ikaragarria da, nafarron erabakitze eskubidea ukatzen baitu eta, era berean, egungo egoeratik ateratzeko neurriak hartu ahal izatea ere bai», adierazi zuten.
Gauzak horrela, premia bizikotzat jo zuten egungo Nafarroan «determinazioz eta ausardia politikoz jokatzea, nafarron bizi kalitatea mantendu nahi badugu», bestelako politika bat posible dela nabarmenduz.
«Horregatik guztiagatik, jendarteak hartu behar du hitza: nafarroi dagokigu zein harreman eta instituzio nahi dugun erabakitzea, geure etorkizuna libreki erabaki ahal izateko. Geuri dagokigu lau euskal lurraldeetako tresna politiko eta ekonomiko komunak nahi ditugun erabakitzea eta era horretan Estatuaren inboluzio sozial eta zentralistari modu eraginkor batean aurre egitea», adierazi zuten Lasak eta Barrenak.
«Gero eta gehiago gara geure tresna propioak behar ditugula uste dugunak; gero eta gehiago, marko berri bat aldarrikatzen dugunak beharrizan sozial eta ekonomikoak asetzeko, Espainiaren aginduak betetzen aritu gabe. Nafarroaren etorkizuna nafarrei dagokie. Aitor dezatela beraien eredu ekonomikoaren eta lurralde-ereduaren porrota. Onar dezatela elkarrizketaren bide demokratikoa eta erabakitzeko eskubidea, herri nahia muga bakar gisa duena», gaineratu zuten.
Hiru alderdietako egungo ordezkariez gain, 30 urte hauetan hiru partiduetako foru parlamentariak (baita Bildu eta NaBai-koak ere) izan ziren atzo egin zuten agerraldian.
Hala, Mauricio Olite, Joxe Manuel Aleman, Josu Goia, Patxi Arze, Josu Iraeta, Patxi Zabaleta, Adolfo Araiz, Xotero Etxandi, Pedro Romeo, Xanti Kiroga, Xabier Velez, Pernando Barrena, Martin Arbizu, Marine Pueyo, Koldo Amezketa, Iñaki Aldekoa, Aitor Etxarri, Angel Garcia de Dios, Gerardo del Olmo, Fernando Ibilzeta, Bakartxo Ruiz eta Xabier Lasa izan ziren atzo prentsaurrekoan.