Udate | Iñigo iraultza garcia «IRU», Olentzeroren iloba
«Familiarekin irla batean egonda derrigorrezkoa da pazientzia kilo bat»
Iru aktorea da eta bere azken pertsonaia Olentzeroren iloba da. «Olentzero munduan - Arraun the world» proiektuari esker, batetik bestera dabil denei sorpresatxoak ematen. Orain Euskal Herrian opariak ezustean banatzen badabil ere, zeharo aztoratu zituen beste zenbait herrialde bere «aitonaren» antzera inoiz ahaztuko ez dituzten opari sentimentalak banatzen. Izan ere, bere lana banatuta dauden pertsonak elkartzean datza.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Kontzeptu ezezagun bezala agertu zitzaigun «Olentzero munduan» Iruren ekimena. Euskal identitatearen ikur den irudi hori bidaiatzen eta edonon ekintza onak gauzatzen ari da honi esker.
Azaldu pixka bat zertan datzan Olentzeroren ilobaren proiektua...
Istorioa, orain dela urte batzuk hasi zen, Gabon batzuetan aktore moduan Bilboko auzo batean, Olentzeroren lanak egiten ari nintzela, umeen gutunak jasotzen.
Gizarte honen isla bezala, beste herrialde batzuetatik etorritako umeek beraien herrialdeetan bizi direnentzako gauzak eskatzen zituzten euren gutunetan. Gutun askoren helbidea euren herrialdekoa zen, Maroko, Senegal eta Kolonbia, besteak beste.
Orduan bururatu zitzaidan Olentzerok munduan zehar bidaiatu behar zuela, eta pentsamendu horretatik abiatuz ipuin antzeko bat idazten hasi nintzen, protagonista Olentzeroren iloba zuena. Munduan zehar bidaiatzen zuen, Euskal Herrian bizi diren umeentzako zein beraien familiak urrun bizi direnentzako opariak eta gutunak eramaten.
Horrela, nire ipuina sinetsi nuen; lagun batzuekin hitz egin nuen eta aurrera! Olentzeroren iloba bilakatu, opariak, gutunak eta bideo-mezuak hartu eta Afrikara joan ginen. Horrela jaio zen «Arraun the World» ekimena. Izena hitz-joko bat da: ingelesez (around the world) «munduan zehar» esan nahi du, baina «arraun» euskal hitza gaineratu diogu.
Hainbeste lekutan izan zara... zein duzu gustokoena?
Bi toki esango dizkizut. Karraspio irla; euskal fauna eta flora berezi bat topatu eta era guztietako sorpresak jaso ditzakezu irla honetan. Oso gomendagarria da familientzat, batez ere marea igotzen bada eta gaua bertan eman behar badute... esperientzia polita, ezta? Eta bestea, Coloradoren Arroila Handia; naturarekin bat egiten, turista zaratatsuak entzuten ez diren gordelekuetan barrena egiteko aukera ematen du. Galdu, desagertu, hori da noizbehinka egin behar duguna, norberaren burua berriz topatzeko.
Zer eraman behar da derrigorrez edonora?
Ezinbestekoa, abentura bizitzeko gogoa. Bestela, fruitu lehorrak, labana, kandelak, lozakua, arrauna, patinetea... eta familiarekin irla batean egonda marea igoz gero, pazientzia kilo bat!!!
Arrauna?
Ezinbestekoa da, aitonaren opari bat delako, eta itsasoaren ondoan bizi garen guztiok beti daramagulako geure barnean. Arraunean, baltsan, patinetean, bizikletan, auto-stop eginez, gameluz, motoz, kamioian. Leku bakoitzean jendea era batean mugitzen da. Azkenean gurea den zerbait ezagutzera emateko eta aldi berean besteen gauzak ezagutzeko aitzakia da arrauna.
Zein leku ez zenuke inola ere gomendatuko?
Nire amonak zioen moduan, «hainbat gauza edo leku ez dira sekula ukitu behar; soldaduska eta Laga eta Laida uda garaian asteburuetan».