GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hobekuntzaren bide okerra zuzentzeko markoa

Atzo, Nafarroako Foru Hobekuntzaren urteurrenean, ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek haren gaineko balorazioa egin zuten Iruñean. 30 urte egin ditu Hobekuntzak indarrean, «porrot izugarria» dela -indar politiko horien hitzetan- erakutsi duten 30 urte. Izan ere, porrot hori, arlo politikoan ez ezik, ekonomikoan, sozialean zein kulturalean ere nabari da. Nafarren erabakitzeko eskubidea ukatuz ezarria, gaur egun, krisi egoera dela-eta, inoiz baino argiago ageri da erkidego horren bideragarritasunik eza eta, lehendik ere gauza jakina zen arren, foru komunitate hori gainerako euskal lurraldeekiko proiektua abiatzea galarazteko propio eratu zutela. Erabakitzeko eskubidea ukatuta, nafarrek ez dute egungo egoera latzetik ateratzeko tresnarik, haien ordez Madrilek hartzen baititu erabakiak, nafar gehienen premia eta eskubideak kontuan izan gabe; areago, premia eta eskubide horien aurka. Orain dela 30 urte batzuek ohartarazi zuten, baina gaur egun ezin argiago sumatzen da bide hura okerra zela, nafarrentzat okerra eta, horrenbestez, zuzendu beharrekoa. Atzo hiru indar politikok zuzenketa horretarako proposamena agertu zuten: marko berri bat, lehenik nafarrei hitza emango diena, eta nafarrek gainerako euskal lurraldeetako euskal herritarrekin batera egoera latzari aurre egiteko tresna politikoak izan ditzaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo