Tomas Anjel Gonzalez zabalbeitia | Abanto-Zierbena
Behin eta berriro, ekin
Ezagutza eta erabileraren azken datuen arabera, emaitzak ez dira izan, hain zuzen ere, oso baikorrak, baina niretzat erabakigarria dena da euskaldunek zer-nolako garrantzia ematen dioten horri, hurrengo batean ekinaren ekinez hizkuntza bizi dadin. Harrigarria dirudien arren, estatistikek erakusten dute euskararen kontra ere badagoela multzo berezi bat. Boteretsuak izango dira, baina historiak frogatu duen bezalaxe, azkenean amore eman beharko dute. Herri honen urguilurik handiena den hizkuntza honek iraungo du, baldin eta guk euskaldunok egin beharreko guztia burutzen badugu.
Onartzen dut, hein berean, nahi baino gehiagotan inertziak eramaten gaituela, gure kalterako, eta maite duguna ez dugu behar bezala tratatzen. Hala eta guztiz ere, zentzu orokor batean, erritmo ezberdinekin, ebidentzia inposatuko da eta zalantzatiek ere beren neurrian ekarpen eraginkorrak egingo dituzte.
Aurrean daukagun erronka ez da izango erraza. Horregatik osatu behar dugu halako gogo biziko kate sendoa, ondorengoek zeri eutsi izan dezaten. Funtsean, gure arbasoek egin zuten antzera, euskara zaintzen eta transmititzen. Horretarako behar den modua aurkituko dugu zailtasunak gorabehera. Erronkak zailtasunik izango ez balu, zer-nolako garrantzia emango genioke horri?
Nire aburuz, orain arte euskarak defendatzaile sutsuak bildu baditu, ez da kasualitate hutsa izan. Haatik, ez dugu ahaztu behar neurri berean makina bat eraso jaso dituela leku guztietatik.
Defendatzaileen artean gaur bereziki nabarmendu nahi ditut ezezagunak, eta lan izugarri egoki eta eskergarria burutu dutenak, askotan larrutik ordaindu behar izan dutenak jarduera arriskutsu bezain gogorrean.
Herri honen historian zehar, euskarak beti iraun du euskaldunen artean eta nik orain ez dut zalantza izpirik etorkizunean ere hala jarraituko duela.
Edozelan ere, nik uste dut euskaldunen jarduera honetan kontuan hartu behar dugula etsaiak ez direla lokartzen, eta beti era batean edo bestean ahaleginduko direla ahalik eta oztopo eta traba gehien jartzen gure hizkuntza, ez ahul dadin soilik, baizik eta, posible balitz, baita desager dadin ere. Hain da handia euskararekiko duten ezinikusia eta gorrotoa, ezen eskura dauzkaten tresna guztiak erabiliko baitituzte.