GARA > Idatzia > Euskal Herria

Goikoetxea familiaren baserriaren aurrealdean pintaketak egin dituzte berriz

p014_f01_148x108.jpg

M.D. | IRUÑEA

Goikoetxea familiak Getxon duen baserriaren aurrealdean pintaketa berri bat egin dute. Zigor Goikoetxeak GARAri azaldu dionez, igande goizaldean ikusi zuten baserriaren ondoan pintaketa berri bat egin dietela. «Aquí nazis!» irakur daiteke bertan. Horrez gain, gezi bat paratu duten Goikoetxea sendiaren etxea seinalatuz.

«Nekatuta gaude gertatutakoarekin, ez baita lehen aldia horrelako zerbait gertatzen zaigula», nabarmendu du Zigor Goikoetxeak, euren gurasoak bertan bizi direla gogoratuz. Hori dela eta, salaketa ipini dute ertzain etxean.

Horrekin batera, Getxoko Bilduko zinegotziekin elkartu dira bizi duten egoera aztertzeko. «Gertatzen den edozein gauza kondenatu egiten dute hainbatek, baina ikusi beharko da honi buruz zerbait esaten duten», nabarmendu du Zigor Goikoetxeak. Zinegotzi abertzaleen asmoa gertatutakoa salatzeko agerraldi bat egitea da. Ondoren, mozioa aurkeztu nahi dute Getxoko udalbatzan. «Ez da lehen aldia horrelako zerbait gertatzen zaigula eta protesta modu serioan prestatu nahi dugu, berehala ez ahazteko», gaineratu du.

2009an, beste eraso bat

2009ko uztailean beste eraso bat jasan zuen Goikoetxeatarren baserriak. Orduan, etxeari su ematen saiatu ziren, baina ez zuten lortu, berehala itzali zutelako. Halere, etxeko atariak, aulki batek, sofa batek eta atarian zeuzkaten landareek kalteak jasan zituzten.

Horrez gain, pintaketa mordoa egin zizkieten baserriaren kanpoaldean. «Zigor asesino», «Estás muerto», «Terroristas moríos», «Viva España» edo «Goikoetxea, hijo de puta» gisako leloak jarri zizkieten.

Eraso hori Zigor Goikoetxea espetxetik atera eta egun gutxira gertatu zen. Hori dela eta, erasoa burutu zutenak Goikoetxea espetxetik irten zain zeudela salatu zuten. Goikotxeatarren gurasoak etxean bazkaldu ohi dute, baina egun horretan kanpora joan ziren urtebetetze bat ospatzeko asmoarekin. Etxetik atera bezain laster jazo zen erasoa. Erasoa burutu zutenek baserria inguratzen duen hesiaren gainetik salto egin zuten sua piztu eta pintaketak egiteko.

Erasoa Goikoetxea sendiak pairatutako jazarpenaren beste kapitulu bat baino ez zen izan. Izan ere, Zigor Goikoetxea Getxoko PPko zinegotzi Maria Arruek mehatxatu zuela esan zuelako espetxeratu zuten. Arrueren hitzak izan ziren Goikoetxea kartzelaratzeko behar izan zuten «froga» bakarra.

Lakuako Gobernuko Barne sailburuak Zigor eta Arkaitz Goikoetxearen aurkako hitzak bota zituen 2009ko erasoa gertatu eta gero. «Bi anaien jarduera deliktiboak mespretxua baino ez du merezi ikuspegi etiko eta demokratikotik», esan zuen Aresek orduan.

Falange y Tradicion talde faxistak bere gain hartu zuen 2009an Goikoetxea familiaren baserriaren aurka egindako erasoa. Taldea osatzeko dokumentuan adierazi zutenez, «Goikoetxea etarra separatista kriminalaren familiaren baserriaren aurkako erasoa abisu bat» izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo