Trontza Euskal Herriko finala
Barberena anaiei aurre egitea zaila izango da
J.L.
Barberena anaiak izango dira gaur 18.00etatik aurrera Donostiako Trinitate plazan jokatuko den Euskal Herriko maila nagusiko finala irabazteko faboritoak. Nahiz eta kanporaketan bigarren izan ziren, iaz lortutako txapelari eustera aterako dira.
Beraiekin batera, Kañamares III.a eta Eugi, Etxebarria eta Astondoa, Ardeo eta Arozena, Cano eta Maiza, eta Iraola eta Garmendia izango dira lehian arituko diren bikoteak. Hasteko, bakoitzak bost epai eman beharko dizkio 60 ontzako enborra etzanda jarrita. Ondoren, sei epai kana-erdikoari zutik jarrita, eta gero beste horrenbeste epai tamaina bereko enborrari, baina orain etzanda jarrita. Azkenik, 60 ontzako enborra etzanda jarri eta bost epai eman beharko dizkio bikote bakoitzak.
Erreferentzia bezala kanporaketak hartuz gero, Kañamares eta Eugi izan ziren han onenak, hamabi segundoko aldea kendu baitzieten Barberena anaiei. Orduko lanak eta gaurkoak ez du zerikusi handirik izango, gaur askoz ere lan luzeagoa izango baitute, enbor handiagoak ebaki beharko dituzte-eta, eta hor egon daiteke koska.
Euskal Herriko kanporaketa jokatu eta berehala izan zen Nafarroako Txapelketa, eta han Barberena anaiek ez zuten hutsik egin, txapela jantziz, eta han Kañamares III.ak eta Eugik bigarren postuan amaitu zuten.
Iaz Barberena anaiek irabazi zuten txapela, eta gaur egin beharko duten lan bera egiteko 12 minutu eta 37 segundo behar izan zituzten. Bigarren, berriz, Maiza eta Cano sailkatu ziren.
Lokotxak
Gaur Donostiara doazen zaleek, trontzalarien Euskal Herriko txapelketaz gain, lokotx-biltzeko finalak ere ikusiko dituzte, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan. Bi mailetan, 50 lokotx batu beharko ditu bakoitzak, 25eko bi ilaratan jarrita, eta batetik bestera metro bat eta 25 zentimetrora jarrita egon beharko dute.
Mutiletan, Alegria, Ruiz, Alvarez de Eulate, Zulaika, Garmendia, Irazoki eta Etxegarai arituko dira norgehiagokan. Lehia handia izatea espero da, faborito garbirik ez baita ikusten. Nesketan, berriz, Ferran, Hernandez, Arruti, Gorostidi, Arrizabalaga eta Ariztegi lehiatuko dira. Mutiletan bezalaxe, hemen ere lehia ikusgarria espero da, maila handiko biltzaileak arituko baitira lanean. Ariztegi izan daiteke faboritoa.