Harri-jasotzea Kintopekoen finala
Herri kirolek etorkizunik badutela baieztatzeko aukera izango da Zestoan
J.L.
Etorkizuneko harri-jasotzaileak ikusi nahi dituenak, aukera paregabea izango du bihar Zestoan, 19.00etatik aurrera jokatuko baita kintopekoen, edo 21 urtez azpikoen Euskal Herriko finala. Lau izango dira lehian arituko diren kirolariak, eta gehienak oso gazteak dira, 16 urteren bueltan dabiltzanak.
Beñat Telleria, Jagoba Otaegi, Mikel Lopetegi eta Joseba Esnaola lehiatuko dira. Aitor Oiarbide ere aritzekoa zen, baina min hartuta dago, eta ezinezkoa izango du bihar lanean aritzea. Beraz, laurekin erabaki beharko da aurtengo finala, eta duten adina ikusita, pozteko berria da.
Guztietan eskarmenturik gehien dutenak Jagoba Otaegi eta Telleria IV.a dira, eta honelako lehiaketetan eskarmentua izateak garrantzi handia izaten du, nerbioak kontrolatzen jakiteak garrantzi handia izaten baitu, nahiz eta adin honetan hori lortzea ez den batere erraza izaten. Otaegi izango da irabazteko faborito nagusia.
Lopetegi, lehen aldiz plazetan orain dela gutxi agertu zen, Igeldo Harriarekin, eta sekulako itxura eman zuen. Zaleei ikaragarri gustatu zitzaien harri-jasotzailea izan baitzen.
Esnaola, berriz, ofizialki oraindik ez da inoiz aritu lanean, ikusi beharko da zer-nolako lana egiteko gai den. Honelako saioak ikaragarri gustatzen zaizkie zaleei, eta bihar jende asko izango da Zestoan. Bakoitzak 100 kiloko kubikoa eta beste horrenbeste kilo pisatzen dituen zilindro zaharra erabiliko ditu. Izen handiko kirolariek irabazi zuten bere garaian lehiaketa hau, tartean Irigoien dago.