Mexikoko Hauteskunde Auzitegiak Lopez Obradorren helegitea atzera bota du
Andres Manuel Lopez Obrador ezker koalizioko lehendakaritzarako hautagaiak, desobedientzia zibilerako deia luzatu die herritarrei, Auzitegiak Mexikoko hauteskundeak balioztatzea erabaki ostean.
GARA | MEXIKO HIRIA
Enrique Peña Nieto PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionaleko hautagaiak irabazitako hauteskundeak baliogabetzeko Andres Manuel Lopez Obrador hautagaiak zuzendutako ezkerreko koalizioak aurkeztutako helegitea ukatu zuen ostegunean Mexikoko Hauteskunde Auzitegi Federalak, Peña Nietoren aukeraketa legitimotzat hartuz.
Gorteko zazpi epaileek aho batez hartu zuten erabakia, eta agertutakoaren arabera, ezkerreko mugimenduak botoen erosketa eta finantzazio irregula leporatuz egindako akusazioak frogatu gabe geratu dira.
Peña Nietoren «aukeraketa bertan behera lagatzeko eskariak ez du oinarririk», Jose Alejandro Luna Ramos auzitegiko lehendakariaren arabera.
Erabaki honek, lehendakaritzako hauteskunde prozesuaren azken txanpara darama herrialdea: auzitegiak irailaren 6an hauteskunde emaitzak plazaratzea eta Peña Nieto ofizialki lehendakari izendatzea. Amaitzeko, abenduaren 1ean hartu beharko du kargua.
300 gazte inguru polizia agentez inguratuta auzitegiaren atarian protesta egiteko elkartuta zeuden bitartean, epaileek baztertu egin zituzten ezkerreko koalizioaren salaketa guztiak - hauteskunde kanpainan konstituzioko printzipioen urraketa ugari gertatu zirela-, «salaketa jartzea ez da nahikoa, frogatu egin behar da» argudiatuta.
Erreakzioak
Andres Manuel Lopez Obrador, ezker koalizioko buruak, auzitegiaren erabakia ez duela onartzen jakinarazi zuen bart, eta herritarrei desobedientzia zibilerako dei egin zien, betiere «bide baketsuak» erabiliz.
Hedabideei helarazitako mezu batean, lehendakaritzarako hautagaiak hauteskundeak ez zirela «ez garbiak, ez askeak, ezta benetakoak izan» adierazi zuen, eta irailaren 9rako manifestazio baterako deialdia egin zuen Mexikoko Hirian, «herritarraren eskubide sozial eta indibidualak» defendatzeko bidean, aurrera begira eman beharreko pausoak definitzeko.
Lopez Obradorren esanetan, bere helegitea ukatzen duen epaia onartzea «itxurakerien eta iruzurren aurka eta benetako aldaketa baten alde borrokan ari diren milioika mexikarrei traizio egitea» izango litzateke.
«Instituzioak onartu» behar badituzte ere, Mexikoko instituzioak bahituta daudela salatu zuen, hain zuzen, «ahaltsuen delinkuentziak bahituta».
Lopez Obradorrek «Justizia eta demokrazia bermatzen ez dituen estatu bat, sortutako interes jakin batzuen mesedetara lan egiten duen botere tresna bat» baino ez dela azpimarratu zuen bere adierazpenetan.
Enrique Peña Nieto PRI alderdiko hautagaiak, aldiz, ongietorria eman zion auzitegiaren erabakiari bere twitter kontuaren bitartez. Bertan, Mexikoren alde lan egiteko garai berri bati hasiera emateko unea dela adierazi zuen. «Egin dezagun aurrera elkarrizketatuz, elkar ulertuz eta akordioak lortuz. Egin dezagun aurrera Mexikoren handitasuna eta batasuna defendatzeko».
Peña Nietoren PRI alderdiak, 1929tik 2000. urtera arte agintean izan zen arren, hamabi urte darama herrialdea gobernatu gabe. Lehendakaritza eskuratuta agintaldi berriari ekiteko prestatzen dabil orain.
Mexikoko herrialdean narkotrafikoak sortutako indarkeria arazoa larria da. Felipe Calderonek, aurreko lehendakariak, narkotrafikoari gerra deklaratu zion bere agintaldian, bidean 60.000 hildako utziz.