GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

Sandios!

Ez da modurik onena biraoka hastea zutabea baina... Atzo eta gaurko etapen ondoren, horixe datorkit burura. Hau abiadura eta hau borroka ihesaldia hartzeko!

«Sandios» idatzi dut gure lagun Zandio gogoan izanda, sarritan esan diogu jainkoa bezalakoa dela, leku guztietan egoteko gai delako: etapa lauetan tropeletik tiraka, mendateetan berdin, ihesaldietan... edozein lekutan eta lan ona eginaz egoten da gure Xabi. Atzo [ostegunean], bere taldeburu Froomen aldamenean zihoan hari babesa eskainiz, helmugarako 30 kilometro faltan herrixka bat zeharkatzerakoan, ongi seinalatu gabe zegoen errotondatxo bat bide erdian topatu eta tupust eginaz lurrera erori zenean.

Zoritxarrez, kolpe handia hartu zuen buruan eta badaezpada anbulantzian sartu eta azterketa egitera eraman zuten ospitalera. Hotel berean egin dugu lo bart eta atzo gauean zein gaur goizean berarekin egon ahal izan dugu, eta aurpegia handituta eta lehiaketa utzi beharraren penarekin egon arren, alai gerturatu zaigu eta betiko antzera irribarrea ahoan duela agurtu dugu.

Tropelean, guztiekin harreman paregabea eta inorekin liskarrik ez duen gutxietako bat da Xabi, guztiok estimu handia diogu, den txirrindulari ona izateaz gain, lagun modura inoiz hutsik egingo ez dizula dakizun horietakoa baita, eta horregatik gaurko zutabea berari eskaini nahi nioke.

Faltan hartuko zaitugu datozen egun egun hauetan! Animo eta ea ahalik eta azkarren osatu eta berriz gure artean zaitugun!

Besarkada handi bat!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo