GARA > Idatzia > Kultura

«Amour» eta Ramon Agirrek irekiko dute Zabaltegi Perlak saila

Nazioarteko jaialdietan parte hartu duten lanen aukeraketa bat izango da Zabaltegi Perlak sailean ikusgai, zehazki, hamabi film. Proiektatuko den lehenengoa Cannesko azken zinema jaialdian garaile suertatu zen «Amour» izango da, non Ramon Agirrek parte hartzen duen.
p048_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Ramon Agirre donostiarrak parte hartzen duen azken filmak Cannesko jaialdian arrakasta handia izan ostean, etxean ikusi ahal izango du aktoreak, Zinemaldiko Zabaltegi Perlak atalean emango baitute «Amour».

Nazioarteko zinema jaialdietan parte hartu duten lanik onenen arteko aukeraketa bat da Zabaltegiko atal hau osatzen duten hamabi pelikulen zerrenda. Inaugurazioan proiektatuko duten filma Cannesko azken jaialdian Urrezko Palmorria irabazi zuen «Amour» da. Michael Hanekeren film honek 80 urte inguru dituzten George eta Anneren istorioa kontatzen du. Protagonistak euren maitasuna emakumearen gaixotasuna baino indartsuagoa izan dadin borrokatuko dira. Jean-Louis Trintignat eta Emmanuelle Riva aktoreen alboan Ramon Agirre euskaldunak egin du lan, bikotearen etxeko atezainaren papera jokatu baitu.

Inaugurazioko filma zahartzaroan kokatzen bada, klausurakoak gaztarora jotzen du. Ken Loach-en «The angels' share» filmak aita izan den gazte bat du protagonista. Honek iraganean eginiko delitu guztiak zuzentzea erabakiko du semea jaiotzean.

Hasiera eta klausura artean, gustu guztietarako filmak eskainiko ditu Zabaltegi Perlak atalak. Esaterako, Olivier Assayas zuzendariak Veneziako zinema jaialdian aurkeztu zuen 70eko hamarkadan kokatutako «Après mai».

«Beasts of the souther wild» Benh Zeitlin zuzendariaren opera prima da. Cannesen Urrezko Kamera saria eskuratu zuen, eta Sundancen, berriz, epaimahaiaren sari nagusia. Wink aitarekin irla batean bizi den Hushpuppy neskatilari buruzko ipuin honek fantasiaren eta errealitatearen mugekin jolasten du. Urak igotzen direnean hilobitik itzulitako animalia arraro eta piztiak agertuko dira.

«Cesare deve morire»(Paolo eta Vittorio Taviani anaiak) lanak Urrezko Hartza irabazi du Berlineko azken zinema jaialdian. Shakespeareren «Julio Zesar» obra kartzelan antzeztu nahi duen preso-talde baten istorioa kontatzen du film honek.

Bestelakoa da Bart Laytonen «The imposter», benetako istorio bat gogora ekartzen digun dokumentala baita. Ameriketako Estatu Batuetan desagertutako mutil baten plantak egin zituen gazte baten istorioa kontatzen digu. Ilehoria beharrean, beltzarana, frantsesa eta desagertutako haurra baino hamar urte zaharragoa izan arren, familiak onartu egingo du.

Filmen zerrenda «Io e te» (Bernardo Bertolucci), «The sessions» (Ben Lewin) eta «No» (Pablo Larrain) lanek osatzen dute. Lehenengoak nerabe batek munduarekin erlazionatzeko dituen arazoak kontatzen ditu. Bigarrenak, birika artifizial bati lotuta bizi den gizon baten bizipenak ekartzen dizkigu. Halako batean, birjintasuna galtzea erabakitzen du eta zailtasunak gainditzeko laguntza eskatu beharko du.

Pablo Larrainek Donostiako Zinemaldia ezagutzen du jada. Aurretik Horizontes Latinos sailean izan da «Tony Manero» eta «Post Mortem» filmekin. Oraingo honetan Augusto Pinochet diktadorearen kontra joateko konbentzitzen duten publizitate arloko exekutibo baten inguruko pelikula ekarriko du.

Donostia sariak

Herenegun jakin genuen Tomy Lee Jones aktorea aurten Donostia saria jasoko duen hirugarren pertsona izango dela. Hain zuzen ere, bera protagonista den film bat proiektatuko dute Zabaltegin. David Frankelen «Hope springs» komedian hogeita hamar urte elkarrekin daraman bikotea hasierako ilusioa, desioa, pasioa eta haragikeria berreskuratzen saiatuko da sexologoan egingo duten terapia bati esker.

Oliver Stonek, honek ere Donostia saria jasoko duela, «Savages» pelikula berria ekarriko digu. Don Winslowren nobela beltzean oinarritutako filmak zuzendariarekin batera Donostiara etorriko diren John Travolta eta Benicio del Toro ditu aktore-zerrendan.

Horiez gain, Ana Murugarren eta Joaquin Trincadoren «Esta no es la vida privada de Javier Krahe» proiektatuko dute emanaldi berezi batean. 2006ko film hau Krahe abeslari satirikoaren aztarnen atzetik doa Estatu espainolaren mapa bitxi bat marrazteko asmoz.

ZABALTEGI BEREZIAK

Zabaltegi sailaren barruan Errusian debekatutako «Klip» film serbiarra izango da ikusgai. Ekialdeko herrialdeetako nerabeek drogekin eta sexuarekin dituzten harremanen errealitate gordina erakusten duelako sortu da polemika.

SARI EKONOMIKOAK

Zabaltegi Perlak saileko irabazleak Publikoaren SGAE-Autore Fundazioa Saria eskuratuko du -60.000 euro-. Horrez gain, boto gehien jasotzen dituen film europarrak beste 20.000 euro irabaziko ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo