GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

BEZaren igoera, herritarren aurkako astindua

Hilarekin batera, Madrilgo Gobernuaren hamaikagarren neurri ekonomikoa iritsi da, herritar gehienen poltsikoak are gehiago astinduko dituen neurria, hain zuzen. Izan ere, BEZaren igoerak bete-betean eragingo dio herritarren ekonomiari; hau da, kaskartu egingo du, areago kaskartu ere, langileen, langabeen edo pentsiodunen bizimodua. Orain aspaldi ez dela pentsaezina zen langabezia-tasa gutxitu eta ekonomia suspertzeko beharrezkoak omen ziren neurriak -lan erreformak, pentsiodunei eta langabeei ezarritako murrizketak, bankuen erreskatea...- alferrikakoak izateaz gain, ez dira estatu eskuzabal batek emandako opari edo mesedeak kentzea, eskubideak urratzea baizik. BEZaren igoera honek garestitze orokorra eragingo du, produktu guztietan. Nabarmentzekoa da, besteak beste, garraioarena, gasoilaren prezioak gora egin baitu; edo seme-alabak dituztenek eskola materialaren garestitzea nabarituko dutela, Estatu espainolean hezkuntza doakoa omen den arren. Horrelako egoeretan sumatzen da, halaber, Gobernu batek kulturari norainoko garrantzia ematen dion. PPren Gobernuak, argi dago, batere ez. Harentzat musika, zinema edo antzerkia ez dira beharrezkoak eta, beraz, kontsumitzaileak luxua balira bezala ordaindu behar ditu. Hain onartezina ez balitz, barregarria litzateke herritarren interesei begirako neurriak direla esaten entzutea Gobernu horri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo