Floren Aoiz www.elomendia.com
Itxikeriari aurre egiteko beharra
Begi bistakoa da panorama honetan ez dagoela pasibitaterako lekurik. Eragin beharra dago, itxikeriari aurre eginez eta blokeo operazioak zailduz, jendeari erakutsiz benetako aukera dagoela aldaketarakoUribetxebarriaren auzia ikasgai handiak eskaintzen ari zaigu espainiar Estatuan nagusitzen diren joerez. Dagoeneko argi dago bi abiadura ezberdin baino bi norabide ezberdin hartu direla Euskal Herrian eta Espainian.
Desautorizatuta sentitzen du bere burua espainiar Gobernuak. Espainiar nazionalisten autoestima erabat urratuta dago, kirola ez delarik aski irekitako zuloak estaltzeko. Eta, gainera, etorkizunaren inguruko aurreikuspenak ez dira batere onak.
Gauzak horrela, zer espero dezakegu Euskal Herritik? Hau ez da galdera kontenplatiboa. Afera da zer erakartzen ahal dugun, baina horri erreparatzeko, gaur egungo egoera eta joeren arabera zer etor daitekeen aztertzea ez da, ene ustez, denbora galera.
Oro har, estatua atzera doa. Zorraren afera jada erabili dute autonomien erabakitze eta kudeatze esparruak mugatzeko, eta eraiki dute birzentralizazioa zilegi bilakatzeko corpus ideologikoa, egoera ekonomikoa eta Europar Batasunaren eskaeren inguruan. Aurkitu dute batzuek aspaldi bilatzen zuten aitzakia Estatuaren ereduaren inguruko auziari erantzun gogorra emateko. Hots, Estatuaren batasuna blindatzeko. Gertatutakoak ereduaren porrota areagotu du eta agerian gelditu da sistema txarra dela, estrategikoki bideragarritasunik ez duena. Denondako kafearen formula kaltegarria gertatu zaio estatuari berari. Eta gero eta atxikipen gutxiago biltzen ditu.
Betiko bi eratako presioak ditu bere aurrean espainiar Estatuak. Alde batetik, botere esparruetan hegemonikoa omen dena, atzerakoia; bestetik, euskal eta katalan herriek mahai gainean jartzen dutena, ereduaren aldaketa sakona eskatuz, erabakitzeko ahalmena exijituz independentziaren hodeiertza gero eta indartsuagoa delarik. Bi herrien kasuan, jakina, barne lehia dago independentziaren jomuga dutenak alde batera eta bestean eredu autonomikoaren erreforma mugatuaz aski izanen luketenak, bestelako urratsen beldur. Argitasunez agertzen ari da eztabaida hau Katalunian, independentziarako bidea babesten duten indar politiko eta sozialak alde batera eta CIU bestera, itun fiskalaren ikurraz.
Lehia hau ere mahai gainean dugu Euskal Herrian. Lehen aipatzen nuen zer espero daitekeen Estatuaren aldetik. Itxikeria da hobesten duten jarrera, baina mugitzera behartuta sentitzen badira, aldaketa blokeatzea izanen da lehentasuna. Basagoitik argi adierazi du. Sakonean, herriaren erabakitzeko aukera ixteko borondatea dago, eta horretarako EAJren laguntza bilatuko dute, horren truke hildako legealdian ukatu dioten protagonismoa eskainiz. Nafarroan, Amaiur-EH Bildu esparrua da etsai nagusia eta batzuek gaitz-erdi hartzen dute Geroa Bai-ri protagonismoa ematea, aldaketa sakonari bidea oztopatzeko balioko duelakoan.
Begi bistakoa da panorama honetan ez dagoela pasibitaterako lekurik. Eragin beharra dago, itxikeriari aurre eginez eta blokeo operazioak zailduz, jendeari erakutsiz benetako aukera dagoela aldaketarako, indar eraldatzaileak prest daudela erronkari eusteko. Presioa biderkatzeko tenorean gaudela uste dut. Asko dago jokoan eta asmatu beharra dago.