«Argazkiak, dagoeneko, ez dira lehen genituen mugarriak»
Argazkilaria
Jon Uriartek (Hondarribia, 1979) argazkilaritza ikasi zuen Kataluniako Institut d´Estudis Fotogràfics-en eta New Yorkeko International Center of Photographyn. Hainbat arte-egoiuta zein galeriatan erakutsi du bere lana, taldeka nahiz bakarka, besteak beste Madrilgo La Casa Encendidan, Donostiako Koldo Mitxelenan, New Yorkeko Studio 304n eta Bartzelonako Sala d´Art Joven. Bartzelonan bizi da egun.
Alvaro HILARIO | GETXO
«Album» erakusketan Jonek historian zehar argazkilaritzak gehien indartu duen objektua eta, adli berean, amateur eta anekdotikoaren eremura baztertua izan den objektua ikertzen du: familia-albuma.
Zure albumeko argazkiak dira erakusketakoak?
Txikitako albuma da. Ordenagailuaren bidez aldatu ditut argazkiak beste istorio bat muntatzeko, beste estetika bat sortzeko. Nortasunari eta argazkigintzari buruzko proiektua da: albuma orain arte nola erabili den, nola aldatzen ari den teknologia digitalarekin.
Albumak aldatu dira. Bestalde, bakoitzaren memoria eraikitzeko oso tresna baliagarria dela esaten duzu.
Lehen bazeuden lege batzuk edo argazkiak beste modu batean egiten ziren. Hori erabat aldatu da gaur egun: telefonoan ere badugu kamera eta ikastolakoak, urtebetetzekoak eta beste une inportanteetako argazkiak ez ezik, beste hamaika argazki ere egiten ditugu, etengabe. Edozein une ona da argazki bat egiteko. Argazkiak dagoeneko ez dira lehen genituen mugarriak: argazki hauen inportantzia galdu egin da. Proiektua egiten duela urte asko hasi nintzen; une hartan, 2004an edo, ez nekien argazki digitalarekin zer gertatuko zen. Artean kontzienteki egin ez banuen ere, uste dut zerbait susmatzen zela, argazki digitalak iraultza zekarrela susmatzen nuen. Milioika argazki egiten dira egunero, eta segundo batean munduko punta batetik bestera bidal daitezke. Iraultza erraldoi eta oso interesgarria da.
Zeintzuk dira digitalizazioak dakartzan alde onak eta txarrak?
Alde batetik, argazkiak egitea gauza arrunta bihurtu da, eta, askotan, kalitatea galtzen da. Bestalde, merkeagoa eta errazagoa da argazkiak egitea, demokratizatu egin da. Baina egiten diren argazki guztiak ez dira proiektu artistikoak edo profesionalak.
Zure gorputza ezabatu duzu argazkietan.
Proiektu osoaren gakoa da. Bi arrazoi nagusi daude: bata, argazki digitalaren problematika hori; eta, bestalde, nortasunaren inguruko azterketa txiki bat egitea. Proiektua egin nuenetik, horren inguruko galderak, nortasunari buruzkoak, asko interesatzen zaizkit. Hau izan zen nire lehenengo proiektua, eta balio du ikusteko hartaraino zer egin nuen eta handik aurrera nola izango zen, zer egin nezakeen, egiteko puntu eta aparte bat, autoanalisia: zeintzuk izan diren nire bizitzako momenturik garrantzitsuenak, eta aldi berean, puntu horietan, ikusleak nola identifika dezaketen beren burua ikusitakoarekin. Gehiengoak badauka honelako argazkiren bat -futbol taldearekin, ikastolakoekin, jaietan- orduan, joko hori ere badago: nire nortasunaren eta besteen nortasunaren arteko gatazka; argazki batzuk oso nireak dira, familiarenak, esaterako; beste batzuk, ordea, askoz generikoagoak dira.
Ordenagailua erabili duzun arren, argazkiek antzinako neurri eta paperak dituzte.
Hori oso inportantea da. Kopiek originalek zuten tamaina berbera daukate. Saiatu naiz paper original berdinak lortzen. Arazoa da batzuk ez daudela dagoeneko eta hainbat trikimailu erabili behar izan ditut: te katiluan sartu, eguzkitan jarri argazkiak, ilobei utzi txafatzeko, argazkiek izan dezaten testura eta feeling hori, nabaria izan dadila denbora pasatu dela horietatik. Nik ez nuen markorik jarri nahi. Nik uste dut albumetan argazkiak berez ikusten direla, ez direla pieza artistiko bezala ikusten; eta horrela jartzea -orain dauden moduan, horman eskegita- hegan egiten baleude bezala. Berez, argazkiak album batean zeuden ipinita, hortik paretara aldatzea ez da erraza; niretzat behintzat ez da erraza izan: argazkiak zelan jarri, albumaren feeling hura ez galtzeko, oso inportantea da.
Jendeak ulertuko al du zure lana?
Ez dakit jendeak lan hau ulertuko duen, baina ziur nago gertuko sentituko duela. Gehiengoak badaki album bat zer den; hau bezalakoak ezagutzen ditu, oso klasikoak dira-eta jendearentzat; beraz, erraza da. Bestalde, umorez beteriko proiektua ere bada: erakusketak baditu puntu barregarri batzuk eta hortik hel daiteke jendearengana. Behin hona etorrita erraza da ulertzea da, ez da oso kontzeptuala.