GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Itzulerak

Garai batean oporretatik itzultzeko irrikitan egoten ginen lagunei udan egindakoak azaltzeko. Maiz, ez zegoen kontatzeko gauza handirik. «Herria» zuenak hango gorabeherak azalduko zituen, aurreko urteetako errelatoari datu bat (gezur ttiki bat) edo beste gaineratuz. Baliabide ekonomikodun familiakoak bidaia «exotikoren» bat izango zuen hizpide gainerakoen inbidiarako, jakin arren lagunaren gurasoek ez ziotela elkarri hitz erdirik esaten eta umeari haurtzaroa ez zapuztearren antolatzen zituztela bidaiok. (Gaur egun inbidia baino errukia izango genioke lagunari, jakinik zer-nolako suplizioa izan behar zuen guraso petralduen ondoan uda osoa igarotzeak, Egipton izanda ere). Bien bitartean, ez «herririk» ez dirurik ez zuenak auzoko neba-arrebekin harrapaturiko sugandilen kopuru eta tamaina, mendira egindako txangoak, galerna altxatu zenekoa, edo auzoko arlotearena kontatuko zuen, «herriko» zein herrialde urrunetan jazotakoaren ondoan garrantzi handirik ez zuten anekdotak, bai, baina haiek azaltzeko moduari esker munduko gauzarik interesgarriena bihurtzen zirenak. Kontakizunak amaituta, ortzemugara begira jartzen ginen, aurrean genuen espazio zabal amaigabe horretan geure zoria irakurri ahal izango bagenu bezala, pentsatuz egunen batean, etorkizuneko udaren batean, lagunek egindako hori egingo genuela guk geuk.

Ordutik urte dezente igaro dira eta uda haietako promesetatik asko bete gabe geratu dira. Hala ere, gaur egun urtean zehar irakurri ezin izan ditudan liburuak irakurtzeko astia izatea bakarrik luxu bat iruditzen zait, oporrik izatea luxu bihurtu den sasoi hauetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo