Kandelen sugarrek oroitu dute ia duela bi mende Donostian jazotako triskantza
GARA | DONOSTIA
Santa Maria basilika eta San Vicente eliza batzen ditu Donostiako Alde Zaharrean Abuztuaren 31 kaleak. Beti jendez gainezka dago, baina bada urtean egun berezi bat, zeinetan begirada guztiak bertara zuzentzen diren. Azken bi mendeetan hala izan da.
Atzo 199 urte bete ziren hiria armada frantsesaren menpe zegoela, espainiarren aliatuak ziren Ingalaterra eta Portugalgo ejertzitoek Donostia setiatu eta menpean hartu zutela. Kale bakarra utzi zuten erre gabe, militarrek bertan aterpe har zezaten. Garai hartan Trinitatea zen kale horren izena, gaur egun, hasierako lerroetan aipatu bezala, Abuztuaren 31 du izena, eta bertakoak dira hiriburuko etxerik zaharrenak.
Kandelen argipean
Urtero legez, gertakari hura oroitu, eta hil ziren donostiarrak omentzeko, ekitaldi mordoa zegoen antolatuta.
Danborrek kaleak hartu zituzten Bulebarretik abiatua, eta Gipuzkoako Aldundia omendu zuten, hiriaren berreraikuntzan emandako laguntzagatik.
Eta afalostean berriz, atzerritarren harridurarako, protagonista den kaleko argiak itzali ziren. Bertakoek hunkituta sutea eta horrek ekarri zuen hondamendia irudikatzeko piztu zuten kandelen argiarekin baino ez zen argitu Abuztuaren 31 kalea.
Eguna amaitzeko, Konstituzio plazan -jatorrizko izena Plaza Berri duena-, bertsolariak, bideoak eta antzerkia nahastu zituen ekitaldia egin zen, Donostia Sutan elkarteak antolatuta.