Ixabel Etxeberria | Irakaslea
Aldaketa, noiz?
Uste genuen Alliot-Marieren berririk ez genuela gehiago izanen! Izan ere, hauteskundeen emaitzen ondotik, sozialisten garai- penarekin eta Alliotek diputatu postua galduta, politika alde batera utziko zuela ulertzen genuen, hori ezinezkoa zela erran bazuen ere. Ziburun ministro ohiak duen etxearen zaintzeko agerian gelditzen zen polizia kuadrillak igatze politikoa ekarri zion diputatuari. Prentsan azaldu zuten polizia presentzia horrek suposatzen zuen diru gastatzea ez zela onartzen, urtetan Allioten alde bozkatu zutenek ere konfiantza kendu ziotela. Baina, urte askoren buruan, hauteskundeen ondotik, babesa kendu zioten. Allioten kasua bukatua zen. Hala uste genuen. Atetik ateratzen delarik, leihotik itzultzen da. Gainera, lankide ohiek deiturik!
UMPren presidentea hautatu behar dutela-eta, izugarrizko lehia dago alderdiaren barnean. Horrela, presidentearen hautatzeko kanpaina denboran, behin-behineko presidente baten izendatzea proposatu dute, eta nor proposatu? Alliot Marie ministro ohia. Zinez Donibane Lohizuneko hautetsiak izugarrizko arrakasta badu Parisen gaindi eta alderdiaren barruan. Ez dakigu Cope jaunak bere tokia erraxki utziko dion! Haatik pentsa dezakegu Ipar Euskal Herriko eskuinaren barnean debate franko izanen dituztela tokiko UMPren barnean, azken komentario honek erakusten baitu Alliotek eragin handia duela alderdian, Brissonen gustuko ez balitz ere. Hemen ere lehia ederra izanen dugu eskuinaren barnean.
Frantziak Europako tratatu berria bozkatu behar du. Aurrekontuen egonkortasun tratatua deitu dute, murrizketa gehiago ekarriko ditu, xahutze publikoak txikitzeko asmoarekin. Melenchonek frentea irekia du, mobilizazioak eskatzen ditu eta NPAk dio alderdi sozialistaren ezkerrean dauden alderdi guztiak izenpetzearen kontra joan behar direla. Melenchonek tratatu horri buruzko erreferenduma eskatzen du, beste kasu batzuetan Frantzian tratatuen kontra bozkatu dela nabarmenduz. Arrisku handia da Hollande berarentzat, Merkelekin Europako liderra izan nahi duelarik. Baina, Hollandek arazoak baldin baditu ezkerreko beste alderdiekin, ekologistak ere nahiko ezkor agertzen ari dira tratatu horri buruz. Ekologistekiko ezadostasunak emendatzen ari dira, nuklearrari buruzkoa izan zen, nahiz eta horietarik batzuk sozialistekin gobernatzen ari diren.
Hilabete batzuk daramate gobernuan sozialistek. Orain arte ez dute gauza handirik mugitu, eraso sexualei buruzko legea berriz bozkatu dute, gasolioaren prezioa txikitu, neurri txiki batzuk hartu dituzte, baina, oro har, eskuinak zuen politika bera daramate. Aldaketarik ez da agertzen. Piztu zen esperantza kontuan hartzen bada, gaur egun gobernu sozialistak daraman politika ez da ulertzen. Deusik ez duela astindu nahi ematen du, egoeraren aurrean ikaratua dela. Alta, emendatzen ari den langabeziaren aurrean, kanporatzeen aurrean, jendarteak erabakiak goaitatzen ditu. Ez da oraindik deus ageri eta laster mobilizazioak hasiko dira, beste aterabiderik ez baita. Politikoek gaitasunik ez badute, irudimena berpiztu behar zaie.