GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

365 egun eta 24 orduko langileei

Lanbiderik edukitzeko zortea duten askok gaur izango dute lanera itzultzeko lehen eguna. Ziurrenik, gogorra eta luzea izango da. Opor osteko depresiotxoa ere ager liteke, erlaxaziozko egun geldoak zein azkar joan diren pentsatuz, lanari ekiteko gogo gutxiz, aurretik datorrena buruan bueltaka. Baina lanean jarraitu ahal izateko zorteak, behintzat, lasaituta. Pertsona batzuk, alderantziz, pozik itzuliko dira lanera, familia bizitzatik ihes egin ahal izanda, udako oporrak lanegun are gogorragoak bihurtu izanak akituta. Erruduntasun sentimendu puntutxo batekin, agian, baina norberaren eremu pribatua berreskuratzeak poztuta, lanean bada ere.

Zeren udako egunak, horren antsiatuak, horren atsegin eta itxaropentsuak, urte osoko garairik nekagarri eta gogorrena bilaka baitaitezke. Ezbairik gabe, horrela gertatzen da seme-alabak edukiz gero, hori gertatzen zaie egun osoan zehar, egunero, haurren zaintzaz arduratu behar dutenei. Goizetik gauerako lana da umeez arduratzea: jaikitzea, gosaltzen ematea, prestatzea, hona edo hara eramatea, eurekin jolastea, bazkaltzen ematea, arratsaldea ere zer edo zertan ematea, etxera itzultzea, arropa zikinak garbitzea, umeak eurak garbitzea, afaltzen ematea, oheratzea... Biharamunera arte, eta berriz gauza bera.

Hori guztia ohikoa da pertsona askorentzat, urte osoan zehar hori baitute lanbide. Gehien-gehienak emakumezkoak dira, eta nolabaiteko eremu pribatua haurrak eskolan egoten diren ordu horietan topatzen dute, beren buruarekin bakarka egoteko ordu preziatu horietan, nahiz eta ziurrenik geldirik egoteko segundorik eduki ez. Baliteke iluntzean, familia osoa etxean izaten denean, bikotekidearen laguntza izatea, eguneko zati horretan apur bat lasaiago ibili ahal izatea, kasurik onenetan, edo baliteke bikotekidea ere lehertuta ailegatzea etxera eta honetaz ere arduratu behar izatea. Oso errotuta baitugu oraindik kanpoan lan egiten duenak etxeratzerakoan gerlariaren atsedena baino ez duela merezi, eta etxean geratzen denaren papera dela familiako kide guztiez uneoro arduratzea. Oso errotuta etxekoandrea urtean 365 egunez eta 24 orduz dela etxekoandre. Eta izenak berak dioen bezala, pertsona hori andrea dela.

Udako egunak, oporraldi familiarrak, hori guztia egiaztatzeko parada ezin hobea dira. Dela kanpoan lan egiten duen emakumea, dela etxe barruan eta familiarentzat lan egiten duena, oporraldian ere lanean segitzen du etengabe, antolatzen, atontzen, zaintzen, hezten... eta, sarri, senarraren konplizitatea bilatzen, haren inplikazioa eskatzen, haurrak bien gauza direla ulertarazten, lanaren aitzakiarik ez dagoenean haren laguntza ezak sutan jartzea ekiditen saiatzen.

Udako oporretan gainerakoan baino garbiago hautematen dut hori nire ingurura begiratzean, emakume askoren hitzik gabeko nekea, hitzik gabeko begiradaren eskakizuna, hitzik gabeko frustrazioa. Eta, gaur, askoren laneko lehen egunean, besteentzako lan egiteari egun batez ere uzten ez diotenei eskaini nahi diet iraila hasierako «animo!» bero hau.

Aitorpenak hitzak behar dituelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo