GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Siglek, lehiakideak bakarrik ez, txapelketa bera eta antolatzaileen izaera ere ordezkatzen dute

 

Surflari Ernegatua

Zarautzen egin berri den WQS sei izarreko txapelketan bertako surflariek bildu dituzten emaitzak ezin esan onak izan direnik. Hamalau izan dira parte hartu duten euskal herritarrak eta horietatik soilik hiru lehiakidek lortu dute txanda bat pasatzea.

Bertako lehiakideak euskal herritar gisa aurkezten ditut zeren bakoitzak bere burua nongo jotzen duen ez dakit, eta ez daukat zertan jakin beharrik ere. Emaitzen taulan begiratuta izen bakoitzaren ondoan «ESP» edo «EUK» siglak agertzen dira, ordea, espainiarra edo euskalduna den esateko.

Siglak lehiakideak berak aukeratzen ditu, baina, kasu batzuetan, lehiakideari bata edo bestea jarri bost axola zaionez, siglak ere nahieran jartzen dira.

Ander Ugarte lehiakide zarauztarraren izenaren ondoan, esaterako, «BLR» siglak ikus zitezkeen; alegia, bere auzoko siglak (Bista Alegre) edo berak hautatutako siglak jartzea erabaki zuen, eta antolatzaileek ez zioten trabarik jarri. Inguruko etxe bateko balkoian bere lagunek animoak emateko jarritako pankarta bat ere ikus zitekeen.

Edonola ere, parte hartzaileek haien burua nongo jotzen duten edo zein emaitza kaxkarrak biltzen dituzten ikusteak ez nau arduratzen, baina txapelketa honekin kanpora begira ematen den irudiak kezkatzen nau, igorritako irudi horrek guztiok ordezkatzen baikaitu.

Pasa den astean 90eko hamarkadan Zarautzen egiten zen munduko txapelketak zuen arrakasta nuen mintzagai, eta, hura, orain egiten dena ez bezala, benetan munduko txapelketa zela esaten nuen. Munduko surflari onenak gerturatzen zirela.

Datu garrantzitsu bat ahaztu nuen aipatzea, alegia, txapelketak arrakasta izateko eta munduko lehiakide onenak erakartzeko arrazoia zein zen. Berezko nortasuna zuen txapelketa bat zen, ezohikoa gainontzeko txapelketekin alderatuta. Agian batzuen begietara folklore kutsua izan zezakeen, baina berezko izaera zuen.

Egun egiten den txapelketak, zentzu horretan, tourreko gainontzeko lehiaketak ditu eredu, eta noski, horrela zaila da apur bat nabarmentzea. Bozgorailuetatik ohiko surf filmetako musika jartzen da, euskararen presentzia murritza da, zentzu guztietan; gainera, txapelketarekin batera antolatzen diren ekimenak ere ohikoak dira. Ez da deus berria ez lehiakideen ez ikusleen begietara.

Lehen, txapelketa egunak Zarauzko Euskal Jaiarekin bat egiten zuenean, bestelako ekimen eta kontzerturik antolatu beharrik ez zegoenean, atzerritarrek jasotzen zuten inpresioa guztiz bestelakoa zen, zerbait desberdina sumatzen zuten eta halaxe esaten zuten gainera: «Basque Country is different!».

Alegia, gauzak ongi eginda kanpora begirako irudia euskal irudia da, «EUK» ikurra. Gaizki eginda, berriz, zein izango da kanpora begirako irudia? Zeintzuk dira dena gaizki egiten dutenen siglak? «ESP».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo