GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Mick Fanning Teahupooko azken australiarra

Teahupooko txapelketa da WCT itzuliko inflexio puntua eta datozen lehiaketak erabakigarriak izango dira. Momentuz, Fanning da buruan.

p044_f02.jpg

 

Haritz  LARRAÑAGA ALTUNA

1999an Mark Occhilupok Teahupon irabazi zuenetik ez zen bertan txapela eskuratutako beste australiarrik, Mick Fanningek bertan egin duten azken txapelketa irabazi duen arte.

 

WCTko itzuliak Teahupoon egin du tourreko azken geldialdia. Lehen mailako itzulia osatzen duten 36 lehiakideak izan ziren, beraz, Polinesiako olatu bikainetan lehiatzen eta bertako tubo ederrez gozatzen.

 

Teahupookoa WCT itzulia osatzen duten bederatzi probetatik bosgarrena izan da. Horrenbestez, aurrerantzean lehiakideek lortzen dituzten emaitzak erabakigarriak izango dira aurtengo titulua noren esku geratzen den erabakitzeko.

Tuboak

Aurtengoan ez da izan iazkoa bezalako itsaski erraldoirik, baina Teahupoon olatuak badaude, ikuskizuna ziurtatuta dago, eta aurten ere horrela izan da.

 

Teahupoo tuboak egiteko munduko leku onenetakoa da. Sakonera handiko leku batetik oso ur gutxiko gune batera pasatzen da olatua, oso eremu laburrean, eta horrek sekulako tuboa sortzen du.

 

Aurten ere, tubo ederrak ikusi ahal izan ziren txapelketak iraun zuen bitartean. Adibide gisa, Owen Wright australiarrak ia hamar segundoko tubo luze bat egin zuen. Fanningek, berriz, zazpi segundo egin zituen tubo barruan finalean hartu zuen olatu batean.

 

Finalerdietara iritsi zen John John Florence hawaiiarrak ere bizkarkako tubo ederrak egin zituen txapelketak iraun bitartean. Oro har, lehiakide guztiek egin zituzten itzelezko tubo luze eta ederrak. Olatuak oso handiak ez  izan arren, Teahupooko tuboak zabalera ikusgarria du eta lehiakideek tuboak bata bestearen atzetik egiten gozatu zuten.


Fanning vs Parkinson

Finalean bi australiar izan ziren, bi lagun, Joel Parkinson eta Mick Fanning. Bi metroko olatu politak izan zituzten eta biek egin zituzten tubo onak, baina olatu handiena hartu eta tubo luzeena egitea lortu zuena Fanning izan zen.

 

Bi lehiakideak oso ongi ibili ziren, puntuazio altuak jaso zituzten, eta, azkenean, Fanning izan zen garailea, baina ez zion alde handia atera bere arerioari. Mick Fanningek 18,87 puntu bildu zituen eta Joel Parkinsonek, berriz, 18,37. Beraz, alde handirik gabe irabazi zuen Fanningek.

 

Hauxe esan zuen irabazleak uretatik atera ostean: «Finalak 35 minutu irauten ditu, beraz, banekien olatu onak etorriko zirela, egin behar nuen gauza bakarra olatu ona itxarotea zen. Teahupoon olatuak bat-batean piztu eta itzaltzen dira, bi hamarreko lor ditzakezu bi minututan... Hotz jokatu behar nuen, beraz, finalak irauten zuen bitartean».

 

Teahupooko garaipenarekin, jada hamabost dira Fanningek irabazi dituen lehen mailako txapelketak. Aurtengo itzulian irabazi duen bigarren txapelketa ere bada. Izan ere, Bells Beachen jokatutako itzuliko bigarren proba ere berak irabazi zuen. Horiek horrela, orain rankingeko lehen postuan dago Fanning.

 

Parkinsonek, bere aldetik, Teahupoon lortu zuen bigarren postuarekin rankingeko bigarren postura igotzea lortu du. Fanning mintzatu zen modu berean hitz egin zuen Parkinsonek: «Finalak 35 minutu irauten ditu eta horietatik 31 minututan lehen postuan nintzen. Finala amaitzeko hain denbora gutxi falta denean galtzeak min egiten du, baina, arerioak egin duen lan bikaina ikusita, ez daukat triste egoteko arrazoirik».


Etxetik gertu

WCT itzuliak AEBetan egingo du hurrengo geldialdia, Kalifornian hain zuzen ere. Munduko 36 lehiakide onenak Trestleseko urautsian bilduko dira irailaren 16tik 22ra bitartean.

 

Trestleseko txapelketaren ostean, WCT tourreko zazpigarren txapelketa izango da Frantzian, Hossegorreko olatua ederretan. Etxetik gertu izango ditugu, beraz, surfeko izarrak.

 

Hossegorrekoa ikusteko txapelketa bikaina da, izan ere, olatuak indartsuak izan ohi dira eta hondartzatik oso gertu lehertzen dira. Ikuskizun paregabea izango da, beraz, irailaren 28tik urriaren 8ra bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo