GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

WQS | Larunbatean jokatu zen finala

Boukhiamek eskuratu du txapela Zarautzen

Ramzi Boukhiam, Europako junior txapelduna, izan da Zarauzko lehiaketaren irabazlea.

p044_f03.jpg

Haritz  LARRAÑAGA ALTUNA

WQS mailan sei izarreko txapelketa izan zen pasa den astean Zarautzen. Asteartea eta larunbata bitartean egunero izan ziren olatuak, eta, hala, pixkanaka txandek aurrera egin ahala, lehiakideen maila altua agerian geratzen hasi zen.
Azken txandetan maniobra ederrak egin zituzten lehiakideek eta haien arteko borroka gogorra izan bazen ere, azkenean bat izaten da garailea eta aurtengoan Ramzi Boukhiam gaztea izan zen Zarauzko txapela eraman zuen surflaria.

Olatu narrasak
Olatuak narrasak izan ziren aste osoan zehar: haizeak nahastutako olatu ahulak, metro bateko altuera zutenak. Baina, olaturik txikienak indargune bat badu, beroni zukua ateratzeko gai direla erakutsi zuten lehiakideek. Haizeak desagerrarazten zituen olatuetan ere sekulako abiada hartzen zuten surflariek, jarraian aireko ariketak edo maniobra erradikalak egiteko.
Larunbat arratsaldean, marea goian zela jokatu zuten finala, ikusleentzat lehiakideak gertuago dauden eta olatuak hobeak diren momentuan. Bi surflari gazte izan ziren buruz buru urautsian, Ramzi Boukhiam 18 urteko marokoarra eta Perth Standlick 22 urteko australiarra.
Boukhiam izan zen ariketa indartsuenak egin zituen lehiakidea eta berak eskuratu zuen aurtengo txapela.

Junior txapelduna
Ramzi Boukhiam marokoarra da, ama holandarra du eta bera Frantzian bizi da. Pasa den abuztuan Europako junior titulua eskuratu berri du Lacanaun, Frantzian, eta munduko junior titulua eskuratzeko gogor entrenatzen ari da.
Honela mintzo zen marokoar gaztea sari banaketaren ostean: «Europako junior tituluarekin oso gustura nengoen, ilargi gainean banengo bezala. Egia esan, txapelketa honetan parte hartu dut etxetik gertu zelako, soilik horregatik, zeren bestela ez dut QWS txapelketetan parte hartzeko asmorik. Izan ere, junior txapelketetan nabil buru-belarri. Sei izarreko txapelketa batean parte hartzen nuen lehen aldia zen eta oraindik ezin dut sinetsi neuk irabazi dudanik».
Txapelketa honetako faboritoetako bat Joan Duru zen. Lehen txandetan oso gustora eta indartsu aritu zen, hirugarren txandan, esaterako, 18 puntu lortu zituen bere bi olatu onenekin, baina final zortzirenetan kanporatu egin zuten 23 urteko surflari baionarra.
Cory Arrambide Venturako surflari amerikarrak ere eman zuen zeresanik. Bere abizen euskaldunarekin harro, etxean bezala sentitu zen Zarautzen eta emaitza ona lortu nahi zuen. Bidean geratu zen; ez zen finalera iritsi, baina gutxigatik, final erdietan kanporatu baitzuen txapelketa irabazi zuen lehiakideak berak.
Bertako surflariei dagokienean, berriz, oso gutxi izan ziren txanda bakar bat bera ere gainditzeko gai izan zirenak. Emaitza onenak lortu zituena Norman Landa donostiarra izan zen.
Bigarren txanda amaitu ostean, uretatik atera eta jendeari galdetu zion ea zer egin zuen, haizearen eta eguraldi txarraren ondorioz ez baitzuen ezer entzuten uretan zegoenean, eta, beraz, kanpora atera arte ez baitzuen jakin txanda pasa zuenik. Lehen bi txandak pasa ostean, hirugarren txandan kanporatu zuten Groseko surflaria.
Hurrengo sei izarreko WQS txapelketa aste honetan da, Portugalen, eta datorren astean, berriz, hiru izarreko txapelketa bat izango da Galizian, Pantin Classic famatua hain zuzen ere. Beraz, berriz ere zortea probatzeko moduan izango dira lehiakideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo