GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

UCI puntuek ez dute balio txirrindularitza zenbatzeko!

Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

Zorionak Caja Rural taldeari ezer baino lehen. Itzuli polita egiten ari baziren, gaurkoarekin [atzo] izugarria egin dute. Etapa bat irabaztea balentria handia da eta Covadongako lakuetan irabaztea zer esanik ez!

Espainiako Itzuli honetan, gonbidatutako taldeak erakusten ari zaizkigu, UCIren puntuazio horrekin ezin dela txirrindularitza kalifikatu! WorldTourreko taldeek eta talde horietan puntuekin dauden txirrindulariek izan behar lukete teorian kirol honetako «elitea». Baina errepidean ikusten da, ikuskizuna eta kirol honen izaera ezin daitekeela horrela zenbatu.

Argos taldeak, lau garaipen lortu ditu esprintean amaitutako etapetan lan handia eginez eta aurpegia emanez. Caja Rural taldeak, ihesaldietan protagonista izateaz gain, gaur [atzo] etapa ederra lortu du. Gure taldean Ruben izan dugu eguneko protagonista, bigarren postu horren zapore gazi-gozoarekin bukatu du, eta postu horrek ditxosozko puntu askorik eman ez arren, sekulako txirrindularia denik inork ezin du ukatu!

Kirol hau beti bezain ederra eta ikusgarria izatea nahi baldin badugu, puntuazio sistema aldrebes hori alde batera utzi eta ildo beretik lanean jarraitu behar dugula uste dudanetakoa naiz. Hori bai, gaur egun indarrean dagoen sistemarekin, galtzeko guztiak ditugu!

Serieak aldapan: ihesaldiak helmugara iristeko aukera izan lezakeela bagenekien gehienok ere, eta irteeratik aukera horren bila atera gara. Kilometro batzuk egurrean egin ondoren, taldetxo bat antolatu da Pajares mendatea jaisten hasi aurretik. Bertan zen Markel gure laguna ere, taldekide batekin, baina beherakoan abiadura ikaragarrian jaitsi dira eta talde horretako kide batzuek gurpilean mantendu ezinik tropelera itzuli behar izan dute, tartean Markel eta Tiago. Galdosek esaten zion brometan: «Egun guztia serieak aldapan egiten zabiltzate, baina ez zarete konturatzen aldapa behera ere egin behar direla noizean behin». Egia da gaur egun prestakuntza oso aurreratuta dagoela eta serieak, potentziometroa, pultsometroa eta tramankulu guztiekin dena kontrolatzen dugula, baina kirol honek zerbait polita baldin badu hori da: gutxien esperotako eran eta goraka zein beheraka, edozein modutan, alda daitekeela etaparen nondik norakoa!

Kirol hau berezia da! Faktore asko dira berezi egiten dutenak: ibilbidea, zaletuak, ikuskizuna, txirrindularien (puntu edo puntu gabe) sufrimendua, erasoak, adiskidetasuna... Eta den bezalakoa maite dut! Ez beza UCIk hondatu, mesedez!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo