70 urte eta gero, DJ-aren kultura musika estiloez haratago doa
Urteak isiltasunean eman ondoren, ordenagailuetako musikak aretoak girotzen zituen bitartean, DJak garrantzia hartzen joan dira gutxika, jai aretoetako, tabernetako, klubetako eta baita herriko jaietako agintea ere bereganatuz eta festa gauaz haratago eramanez. Udako beroak, gainera, aire librean aritzeko aukera ematen die disko-jartzaileei.
Jonebati ZABALA
Disc-jockey, DJ edo disko-jartzailea grabaturiko musika, berea edo beste konpositore batzuena, jai, diskoteka edota irrati batean jartzen duen artista edo musikaria da. Hori da Wikipediak dakarren definizioa. Batek baino gehiagok kontrakoa pentsa dezakeen arren, «disc-jockey» terminoa aspaldi sortutakoa da gainera, 1935ean sortu baitzuen Walter Winchell esatari estatubatuarrak. Jatorria argi dago; disc, grabaturiko soinuak direla-eta; jockey, makinaren operadoreari erreferentzia eginez.
1943an, Jimmy Savilek lehenengo festa antolatu zuen DJ batekin, Britainia Handian; jazz diskoak jartzen zituen. 1947an, Parisen Whiskey à Go-Go gaueko kluba ireki zuten, munduko lehenengo diskoteka bezala ezaguna dena. Discothèque frantsesezko izen originalak argi uzten zuen zer-nolako lekua zen; grabatutako musika jartzen zuen gaueko kluba zen, ez zuzeneko musika taldeen kontzertuak eskaintzen zituena. Berehala Europa eta Ameriketako Estatu Batuetan hedatu ziren diskotekak. Arraroa dirudien arren, 70 urte geroago gauzak ez dira larregi aldatu; DJak dantzalekuetara bueltatu dira eta diskotekak jendez gainezka daude mundu osoan zehar.
Euskal Herrian ere, gero eta plaza gehiagotan aurki ditzakegu DJak gaua berotzen. Orain dela urte batzuk nork esango zukeen halakorik gertatuko zenik? Segur aski inor gutxik, izan ere, DJen fenomenoak ez du gorakada nabarmenik izan Euskal Herrian. Hala ere, pixkanaka, urteek aurrera egin ahala, gorantz egin du DJ kopuruak eta ukaezina da gero eta protagonismo handiagoa dutela.
Zigor Lampre lasartearra disko-jartzailea da ogibidez, eta egun, baita Esne Beltza taldeko kidea ere. Horrez gain, bere saioak egiten ditu DZ izenpean eta beste bi disko-jartzailerekin batera Trifulka Pose sortu du. Gaztetxoa zenean hip hopa entzuten hasi zen eta horrela ezagutu zuen disko-jartzailearen figura. «Deigarria egin zitzaidan eta nik ere probatu nahi nuela erabaki nuen». Orain dela hamabost urtetik dabil musika beltza jorratzen; hala, soul, funky, hip hop, reggae... estiloak landu ditu.
Javi P3z donostiarrak 30 urte daramatza musika jartzen: lagunen etxeetan egiten ziren lehen guatekeetatik jaialdi handietara, baita edozein lekutako klub, irrati eta jaietan ere. Bere kabuz ikasi zuen DJa izaten, %100 autodidakta da; «saiakuntzak egin eta norberaren akatsetatik ikasi», hori omen da gakoa.
Mikel Unzurrunzaga Schmitz zarauztarra DJ Makala da. 14 urterekin hasi zen herriko irrati librean, eta, hamar urte geroago, profesionalki pintxatzen. «1995ean izendatu nuen nire burua Makala bezala, Berlinen», oroitu du. Makalak denetarik pintxatzen du, bere xedea «musika alaia eta dantzagarria» jartzea da, gehienetan ez komertziala. «Melomanoa izan behar du DJ batek; musika maitatu, musika entzun, musika erosi, musika bildu; kolekzionista izan behar du». Jendearen aurrean, selekzio edo hautaketa propio eta berezia egiten jakin behar du DJak, jendea dantzan jarri eta gustura egon dadin.
DJ Bull irurarrak batez ere jaietan, txosnetan, pintxatzen duen arren, Bilboko Kafe Antzokian, Dokan eta Plateruenan ere izan da. Betidanik musika gustuko izan du, eta «orain dela zortzi urte inguruko jendeak plazetan musika jartzera animatu ninduen».
Stepi, berriz, Bad Sound System talde ezaguneko DJa da. Berak bakarrik ere saioak egiten ditu, Selektah Stepi gisa. Jende aurrean pintxatu zuen lehenengo aldia 1998an izan zen. Ordutik jo eta ke ari da, eta orain inoiz baino gehiago dabil herriz herri. «Betidanik izan naiz reggae zale amorratua. Hori bai, Euskal Herriko gaiak jorratzen ditugu, betiere reggae musika gainetik dela».
Disko-jartzaileen munduan orokorrean emakume gutxi dago eta Euskal Herri mailan ere antzekoa da egoera. Patrizia Iturria irundarrak Lola Frigida ezizena erabiltzen du bere musika saioetan. Errenteriako Mikelazulo kultur elkartea da bere sorlekua; duela zortzi urte inguru hasi zuen ibilbidea bertan, herriko Madalena jaietan. Bere iritziz, emakume batek gizon batek egiten duen lan bikoitza egin behar du jendea erakartzeko. «Atentzioa ematen didate, esaterako, Eivissan topless eginez pintxatzen duten emakumeek». Atzerrian emakume DJek hemen baino fama handiagoa duten arren, askotan «emakume izate hutsagatik» dela dio Lola Frigidak.
Baina DJak ez dira musika jartzaile soilak, DZk dio musikariak ere badirela, DJ batek bere ekarpena egiten duelako. «Disko-jartzaileak musika sortzen hasten diren momentu bat dago; 80ko hamarkadan tipo batzuei musika moldatu egin daitekeela bururatzen zaie, disko bat mugitzean soinu bat egiten duela konturatzen dira, eta, orduan, diskoan grabatuta dagoena jartzeaz gain, kanta horiek moldatu ere egiten dituzte, bai sampleatuz bai scratchak eginez». Stepik ere, bera «DJ-musikaria» dela dio eta egun, DJen lana gero eta gehiago ari dela baloratzen. Makalak bere burua «musika jartzaile» bezala ikusten du, jarraian «musika ekoizle, antolatzaile eta promotore» gisa.
Disko-jartzaile denek ez dituzte teknika berdinak erabiltzen pintxatzerako orduan. Batzuek biniloekin egiten dute lan, beste batzuek nahiago dituzte konpaktuak (CD), eta badago abestiak jartzeko ordenagailu eramangarria erabiltzen duenik ere. Javi P3z donostiarraren iritziz, biniloek ekipo on batean oso soinu ona dute, batez ere single eta maxi-singleek. «CDen alde ona askoz ere musika gehiago eraman dezakezula da, estilo ezberdinen bildumak egin eta abesti berriak probatu». Makalak, Stepik eta DZk ere biniloak erabiltzen dituzte. DJ Bullek eta Lola Frigidak, ordea, ordenagailua erabiltzen dute euren saioetan.
Arrakastaren beste sekretu bat abestien ordena izan ohi da, baina DJ gehienek ez omen dute saioa aurrez prestatuta izaten; hasierako kanta biak baino ez, hortik aurrera giroaren arabera errepertorioa aldatzen dute. Makalak pintxatu aurretik lekuaren «diagnostikoa» egiten du: ordutegia, jendea...
Udan giroa aldatu egiten da, DJak taberna zuloetatik atera eta herrietako plazetara lekualdatzen dira euren tramankuluekin, jai giroan dagoen jendea alaitzeko eta dantzan jartzeko prest. Lola Frigidak oso gustuko du jaietan pintxatzea, jendea «oso harbera» izaten omen da. DJ Bullen arabera, tenperatura da hori eragiten duena. Stepik beti pentsatu izan du Bad Sound System taldearen «habitat naturala» zulo beltz bat edo taberna itxiak direla, hala ere, aukera dutenean kanpoan jotzea ere asko gustatzen zaie. Orain dela gutxi, esaterako, Donostiako Aste Nagusian itsasertzean pintxatzeko aukera izan zuten. «Aire librean egiten denean, jendeak beste alaitasun edo erraztasun bat dauka mugitzeko, beste harrera bat. Prest dago horretarako».
Elkarrizketatutako disko-jartzaile guztiek bat egin dute eurentzako garrantzitsuena zer den galdetu diegunean. DZren iritziz, jendeak disfrutatzea ezinbestekoa da; «azken finean, jendeak egiten ari zarenarekin ondo pasatu behar du». Stepirentzat hori izaten da «politena», beti saio berdina ez egitea. «Momentuan sortzen diren gauzak, jendeak ematen dizun hori geureganatzen saiatzen gara, beti gure estiloaren barruan».