GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gipuzkoako Artzain Txakurren Txapelketan «Gure» izan da garaile

«Gure» txakurra eta Jose Mari Plazaola artzaina izan ziren nagusi atzo Legazpin jokatu zen Gipuzkoako Artzain Txakurren Txapelketan. Gazten artean, berriz, Joseba Insausti ordiziarrarena izan zen hoberena. Gisaturik onena, bien bitartean, Okila elkarteak egindakoa izan zen.

p015_f03_097x080.jpg

GARA | LEGAZPI

Arrasateko Jose Mari Plazaola artzainak eta «Gure» txakurrak irabazi zuten atzo Legazpin egindako Artzain Egunaren baitan antolatutako Gipuzkoako 44. Artzain Txakurren Txapelketa. Festaren barruan, aurten ere Euskal Herriko mendietan urte luzez aritutako bi artzain omendu zituzten, Julian Korta eta Juan Aldasoro. Beraiekin batera, Ameriketan aritutako beste bi artzain ere omendu zituzten, Martin Irazoki eta Santiago Mitxeltorena.

Gipuzkoako Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapenerako zuzendari Koldo Lizarraldek Legazpin nabarmendu zuenez, «gizartearen egoera asko aldatu da hamarkada gutxitan eta antzinako lanbide honek irautea nahi badugu, eta guk hala nahi dugu, egokitzea nahitaezkoa da. Baina, horretarako, gizartearen konpromisoa ere beharrezkoa da».

Uneotan ia 147.000 artabere daude Gipuzkoan erroldatuta. Herrialdeko 25 herritako mendietako larreetan 326 artzainen 44.054 artabere izaten dira. Horietatik 191 artalde txikiak dira; hau da, 100 abere baino gutxiagokoak. Aldiz, 84 artzainek 100 eta 300 abere arteko artaldeak dituzte, eta 300 animalia baino gehiago dituzten 51 artalde ere badaude.

«Aurtengo larre aldiari begira, azken lehorte honek eragin nabarmena izan du, larreak ihartuz eta bazkak murriztuz doaz, eta oraindik abereak mendietan ikus baditzakegu ere, gauzak horrela laster jaitsi beharko dituzte artzainek. Horrenbestez, ganadua pentsuz elikatzen hasi beharra izango dute, gastuak izugarri handituz», azaldu zuen Lizarraldek.

Kezkak kezka, Legazpin festa egun aparta izan zuten atzo artzainek. Goizean goizetik postuak jarri zituzten herrian zehar eta Gipuzkoako 28. Artzain Gazta Lehiaketa ospatu zen. Guztira hamabost gazta aurkeztu zituzten eta Joseba Insausti ordiziarrarenak irabazi zuen txapelketa. Iban Garate aktoreak eman zion saria. Herritarrek, berriz, Arantxa Garaiburuaren gazta hautatu zuten. Ardi okel gisatu onena, aldiz, Okila elkartearena izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo