Trontza | Euskal Herriko finala
Barberena anaiek zalantza guztiak baztertu dituzte
Kanporaketa bigarren postuan amaitu ostean, Donostiako finalean argi eta garbi utzi dute oraindik ere gainerako trontzalarien gainetik jarraitzen dutela.
Jon LEUNDA
Barberena anaiak ziren Euskal Herriko txapela irabazteko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin. Uztailaren hasieran jokatu zen kanporaketa bigarren postuan amaitu ostean bakarren batzuei zalantzak sortu baldin bazitzaizkien ere, herenegun arratsaldean Donostian garbi utzi zuten oraindik beste guztien gainetik jarraitzen dutela. Aurten Nafarroako txapela ere lortu dute.
Bikote bakoitzak 60 ontzako enborra etzanda jarri eta hamar epai eman behar zizkion, eta kana-erdiko bati hamabi epai, sei zutik jarrita eta beste horrenbeste etzanda jarrita.
Kañamares III.ak eta Eugik irabazi zuten kanporaketa, eta finalean jende asko haiei begira zegoen, ea Donostian ere faboritoak estutzeko gai ziren edo ez ikusteko. Finaleko lana, ordea, askoz ere handiagoa zen, eta Barberana anaiak oraindik oso ongi daudela ikusi zen.
Etzandako lehen saioan gauzak nahiko parean joan ziren, baina zutik jarritako enborrarekin lanean hasi zirenean, gauzak erabat erabaki ziren. Izan ere, zutikako lanaren amaieran lan erdiak bete ziren, eta minutu bat pasako tartea kentzen zieten Barberena anaiek Kañamaresi eta Eugiri, eta, bi minututik gorakoa, hirugarren sailkatuei. Beraz, hortik atzerako guztia jakina zen norbaiti zerbait gertatu ezean, eta oso emozio gutxi izan zen saioan zehar, gutxiegi.
Amaieran ez zen inongo ezusterik izan, eta, lan erdietan bezalaxe, Barberena anaiek lortu zuten txapela. Gainera, iaz egindako denbora baino askoz hobea egin zuten, pasa den urtean baino bi minutu gutxiago behar izan baitzituzten lan guztiak burutzeko.
Lokotxak
Euskal Herriko lokotx biltzeko txapelketak mutiletan eta nesketan ere jokatu ziren. Gizonezkoetan Garmendiak eskuratu zuen txapela. Emakumezkoetan Maika Ariztegik hamabigarrenez lortu zuen garaipena, marka berria lortuz gainera.
Txapela lortzeaz gain, denbora bikaina egin dute Donostiako finalean Barberena anaiek, aurten iaz baino bi minutu gutxiago behar izan baitituzte lan guztiak burutzeko.
Maika Ariztegi nafarrak hamabigarrenez lortu du emakumezkoen lokotx biltzeko Euskal Herriko txapela. Aurtengoan, gainera, marka berria ezarri du Iturengo kirolariak.