GARA > Idatzia > Ekonomia

Murrizketen aurka mobilizatuko dira Nafarroako hezkuntzako sindikatuak

Nafarroako hezkuntza sistemako langileek mobilizazio dinamika bat abiatuko dute bihar gobernuak ezarri dituen murrizketei ezezko borobila eman nahian. Protestak ikasturte osoan zehar mantenduko dituzte, asteartero ikastetxeetan egingo dituzten kontzentrazioekin.

p024_f01.jpg

GARA |

Ikasturte hasierarekin batera, Nafarroako hezkuntza sektoreko zenbait sindikatu eta eragilek (LAB, STEE-EILAS, CCOO, UGT, ELA, Afapna, CSIF, ANPE, Herrikoa, Sortzen-Ikasbatuaz, Eraldatu eta Ikasle Abertzaleak) mobilizazioak iragarri zituzten azken hilabeteotan pairatzen ari diren murrizketak salatzeko.

Ohar baten bidez jakinarazi zutenez, bihar abiatuko dute mobilizazio dinamika 13.30ean hezkuntza departamentuaren aurrean egingo duten kontzentrazioarekin. Era berean, ikasturteko lehen eskola egunetan (irailak 5, 6 eta 11) elkarretaratzeak egingo dituzte klaseak hasi baino ordu laurden lehenago. Kurtso osoan zehar protestekin jarraitzeko asmoa berretsi zuten. Horrela, asteartero elkarretaratzeak egingo dituzte ikastetxe ezberdinen aurrean.

Gainera, udan zehar foru administrazioaren lantoki nagusietan egin diren protestekin bat egingo dutela aipatu zuten. Izan ere, hezkuntza sektoreko langileek «globaltasuna» eman nahi diete euren aldarrikapenei, «zerbitzu publikoak eta hiritarren oinarrizko eskubideak baitira jokoan daudenak».

Iribasen «manipulazioa»

Hezkuntzak bizi duen egoeraren aurrean, Jose Iribas kontseilariak hartu duen jarrera gaitzetsi zuten. Sindikatuen ustez, Nafarroako hezkuntza sisteman 300 lanpostu suntsitzeak kalitatean eraginik izango ez duela esatea «iritzi publikoa manipulatzea» da. Ostera, murrizketa horien ondorioz, ikasturteak ez du hasiera normalizaturik izango, langileen iritziz.

Horren adierazletzat jo zituzten azken hilabeteotan hartutako zenbait neurri, hala nola, abenduko aparteko soldata kentzea eta azken urteotan behera joan den lansariaren %7,14ko murrizketa.

Aurrera begira murrizketa gehiago etorriko direla uste dute sindikatuek. Zehazki, Nafarroako Gobernuak aurrekontuetan aurreztu nahi dituen 327 milioi euroak, hezkuntza sistematik etorriko direlakoan daude. Horregatik, gobernuak bere politikan atzera egin dezan, murrizketen aurkako mobilizazioetan parte hartzera deitu zuten.

murrizketa gehiago

Sindikatuen ustez, Nafarroako Gobernuak aurrekontuetan aurreztu nahi dituen 327 milioi euroak, hezkuntza sisteman egingo diren murrizketa berrietatik etorriko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo