«Karrika Korrika» saioa estreinatuko du gaur gauean ETB1 kateak
Eriz Zapirainek zuzendu eta Eñaut Gantxegik aurkeztutako «Karrika Korrika» lehiaketa gaur gauean estreinatuko da telebistan (ETB1, 22.00). Bi talde arituko dira lehiaketa sanoan, karriketan barrena nor baino nor azkarrago. Lehenengo atal honetan, Zumaia eta Abadiñoko laukote bana arituko da lehian, Pasai Donibanen; talde bakoitzak hamar proba gainditu beharko ditu saria irabazteko.
Lehiaketa ginkana moduan antolatua dago. Lehiakideek hainbat pista jarraitu beharko dituzte herriarekin zerikusia duten galderei erantzun zuzena emateko. Erantzuna asmatu ostean, trebezia, abiadura, indarra eta jakituria oinarri duten probak gainditu beharko dituzte.
Ekoizleen arabera, saioak bi taldeen arteko lehia sanoa sustatuko du. «Saio fresko, dinamiko eta entretenigarria egin izana» espero dute arduradunek. Sarandu etxeak ekoitzi du saioa eta zenbait alderditan Transistoria ekoiztetxearen laguntza jaso du; saioaren zuzendaritza artistikoa, esate baterako, Haritz Rodriguezek hartu du bere gain.
Eriz Zapirainek hainbat lan zuzendu ditu lehenago, telebistan zein zineman. Bere lan nabarmenenak film dokumentalak dira, hala nola, «Salda Badago» eta «Zai, zoi, bele». Azken horrekin ikus-entzunekoen alorreko Argia saria jaso zuen. Gainera, zuzendariaren alboko lanak egin ditu «Gazta zati bat» filmean.
Eñaut Gantxegi aktore eta aurkezleak «Goenkale» eta «Mugaldekoak» telebista sailetan egin du lan, besteak beste. Haritz Rodriguez kazetaria, bestalde, Interneteko bideogintzan aritu da nagusiki azken urteotan.