GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Quebecen etorkizunerako aukerak, gaur bertan

Gaur Quebecen izango diren hauteskundeek aldaketa eragingo dute seguruenik. Inkesten iragarpenen arabera, azken ordura arte itxaron beharko da bozketon emaitza jakiteko. Alegia, inkestek islatu dutena gauzatuko den jakiteko: Quebectarren Alderdiak bozik gehien eskuratuko dituen, 2003tik gobernuan diren liberalek iragarritako beherakada jasango duten eta Quebecen Etorkizunerako Koalizioa alderdi berriak bigarren indarra izaterainoko arrakasta izango duen. Azken horrek liberalen eta independentisten arteko lehiari bizkar eman diotenen botoak jaso litzake; hortaz, ez da harritzekoa koalizioak independentzia erreferenduma defenditu ez eta «Quebec biziberritzea» aldarrikatzea. Horregatik ez da harritzekoa, halaber, Kanadako hedabide anglofonoek alderdi horri emandako sostengua eta Quebectarren Alderdia arrisku gisa aurkeztu izana. Nolanahi ere, erreferendumaren gaia eztabaidara atera da hauteskunde kanpainaren azken txanpan, Quebectarren Alderdiko hautagaiak galdeketaren alde agertuta. Emaitzek erakutsiko dituzte aliantzetarako aukerak, baita horiek erreferenduma ahalbidetuko duten ere. Independentziaren gaineko galdeketa egin zuten azkenekoan, 1995ean, independentziaren aldekoek galdu zuten, oso alde txikia tarteko. Nolanahi ere, emaitzak emaitza, quebectarrek badute aukera demokratiko hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo