Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia
«Tuitu Negru»...
Covadongako etapak utzitako pasadaren ondoren, nire ustez, Vuelta honetako etapa gogorrenari ekin diogu. Etapa bera gogorra izateaz gain, oso berandu iritsi ginen igandean afaltzera. Masajea 21.30ean hasi genuen, eta ia 23.00ak arte ezin izan genuen afaldu. Hori bai, Covadongan sufritu genuenak baino atsekabe handiagoa sortu zidan etapan zehar galdutako aukerak.
Irteeratik hemeretzi laguneko talde batek alde egin genuen, eta egun dena topera joan ginen, Pajaresko jaitsierara iritsi arte. Han kristoren txikizioa gertatu zen; pelotoia bost zatitan puskatu zen, eta, gure taldea, bitan. Horrela, behin gure artean adostasuna galduta, aurreko hamarrak helmugaraino iritsi ziren eta beste bederatziok pelotoira itzuli ginen.
Horrelakoetan, galdutako aukerak pena eta mala letxe apur bat sortzen dit, eta gaur [atzo], etaparen beraren izena moduan, dena beltza ikusten nuen. Hala ere, orria pasa eta egunari gogoz ekin diogu. Azken bi asteotako nekeaz gain, goizean goiz dopinaren aurkako kontrola egiteko esnatzeak ez digu lagundu, baina gaur [atzo] ere eguneko ihesaldian sartzea genuen helburu.
Ia bi ordu erasoka ibili eta gero, bikote batek egin du helmugarainoko bidea, eta beste guztiok ahal den modura salbatu dugu eguna. Behin grupeta eginda, teorian egun erraz eta lasaia izan behar genuen, baina, Cuitu Negruko eski estaziora iritsi garenean, nahikoa lan izan dugu lasterketarako espresuki egindako bidean gora duintasun pixka batekin igotzeko.
Sinetsiko ez duzuen arren, horren gogorra da igoeraren azken zatia, non Herbeheretako txapeldun Nicky Tepstrak oinez igo behar izan duen. Nik uste, beste batzuen antzera, Tepstrak Cuitu Negru partez, «Tuito Negru» ikusi duela, hau da, dena beltza. Eskiatzeko aproposa izango da, baina, egia esan, bizikletan igotzeko nahiko malkarra zen. Hala ere, gorriak eta beltzak, denak ikusi eta gero, orain Santander aldera goaz, gure atseden egunaz gozatzera. Horrenbeste sufritu eta gero, orain gozatzeko unea heldu baita...