GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikasturte berrian Lakuak murrizketarik ez duela indarrean jarriko dio Celaak

Egun desberdinetan bada ere, aste honetan ekingo diote Euskal Herriko ikasleek ikasturte berriari. Aurten, 6.831 ikasle berri egongo dira Isabel Celaa Lakuako Hezkuntza Sailburuaren esanetan «murrizketetatik kanpo» geratuko den EAEko sare publikoan.

p012_f02_149x109.jpg

Jon ADAN |

Aurtengo ikasturte berrian Lakuak murrizketarik ez duela aplikatuko iragarrita estreinatu zuen atzo Durangoko Landako eskolan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Isabel Celaak 2012-2013 ikasturtea.

«Ditugun errekurtsoen erabilera hobetzen jarraitu dugu eta euskal hezkuntza sistemaren eraginkortasuna erabat bultzatu dugu. Ez dugu krisi ekonomikoaren aitzakia erabiliko politika atzerakoiak eta antisozialak gure eskoletan sartzeko», azpimarratu zuen Celaak.

Hezkuntza sailburuaren iritziz, EAEko ikasturte berriaren hasierak murrizketen politikaren aurrean politika «propio» eta «aurrerakoia» egitea posiblea dela argi uzten du. «EAEn ez ditugu milaka eta milaka irakasle lanpostu galdu, hemen murrizketak ez baitira aplikatuko, ez irakasleriaren ordutegietan, ez gela bakoitzeko ikasle kopuruan, ez irakasleen ordezkapenetan», nabarmendu zuen.

Aurten, ikasle gehiago

2012-2013 ikasturtean 356.421 ikasle izango dira unibertsitatez kanpoko euskal hezkuntza sisteman, iaz baino 6.831 gehiago, %1,95eko igoera suposatuz. Igoerarik handiena Lehen Hezkuntzan izan da, 2.534 ikasle berrirekin (%2,10), eta, ondoren, DBHn, 2.058 ikasle berrirekin (%3,27), eta derrigorrezkoa ez den hezkuntzan, 1.932rekin (%3,27).

Isabel Celaak azpimarratu zuenez, ikasturte hau «erabakigarria» izango da euskal hezkuntza sistemaren modernizaziorako, hezkuntza marko hirueledunak bere hirugarren urtea beteko baitu martxan jarri zenetik. «Prozesuaren azken ebaluaketa egiteko ordua heldu da, eta hori Cambridge Unibertsitatearen eta PISA azterketak prestatzen dituzten erakundeen esku utzi dugu», iragarri zuen Celaak.

Horiek horrela, Euskal Herriko ikasleek aste honetan ekingo diote ikasturte berriari. EAEn, Lehen Hezkuntzan etzi, irailak 6an, hasiko dituzte klaseak; DBHn eta Batxilergoan, aldiz, astelehenean hasiko dira. Nafarroan, bihar dute lehendabiziko eskola eguna Lehen Hezkuntzako ikasleek, eta, DBH eta Batxilergokoak, astelehenean, irailak 10ean, hasiko dira. Ipar Euskal Herrian, aldiz, gaur hasiko dira, bai Lehen eta Bigarren Hezkuntzan bai Lizeoan -Batxilergoa-.

Aurten, azken bi urteotan gertatu den bezala, sare publikoak matrikula gehiago izango ditu pribatuak baino. Ikasleen %50,7 eskola publikoetan egongo dira.

ASTE HONETAN

Euskal Herriko Lehen Hezkuntzako ikasleek aste honetan hasiko dituzte klaseak. EAEn etzi hasiko dira, eta, Nafarroan, bihar. Ipar Euskal Herriko ikasleek, berriz, gaur dute lehen eskola eguna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo