Melillako hesiaren gainetik salto egiten saiatu dira 160 etorkin inguru bi taldetan
Melilla immigrazioaren dramaren isla bilakatu da egunotan beste behin ere. Atzo, 160 etorkin inguru Melilla eta Maroko banatzen dituen hesiaren gainetik salto egiten saiatu ziren. Bien bitartean, Isla de Tierra irlatxoan 81 etorkinek Melillara noiz eramango dituzten zain jarraitzen dute.
GARA |
Melilla eta Maroko banatzen dituen hesiaren gainetik salto egiten saiatu ziren atzo 160 etorkin inguru bi taldetan banaturik. Lehena, ehun etorkinez osatutakoa, 03.30ak aldera saiatu zen Rio de Oro izenez ezagutzen den zonaldetik hesia igarotzen; bigarrena, ordu erdi geroago, auzo txinatarretik. Gauero muga zaintzen duen Guardia Zibilaren helikopteroak ikusi zituen. Bai Guardia Zibilak bai Polizia espainolak bai Marokoko segurtasun indarrek ere beraien kontra egin zuten. Melillako agintariek ez zuten zehaztu zauriturik ote zegoen, ezta 160 etorkin horien artean adin txikikorik zegoen ere. Sei metroko altuera duten bi hesien gainetik salto egitea zenbatek lortu zuten ere ez zuten jakinarazi. Azaldu zutenez, hori bai, bigarren taldeko «bost eta hamar etorkin artean» Melillara heltzeko gai izan ziren.
Atxilotzen badituzte, beraien jatorrizko herrialdeetara kanporatuko dituzte etorkinok, halakoetan gertatu ohi denez. Baina kanporatze prozesua hilabetez luza daitekeenez, Etorkinen Behin Behineko Egonaldi Zentrora eramaten dituzte.
Bien bitartean, Marokoko kostaldetik metro gutxitara egonagatik Gobernu espainolaren agindupean den Isla de Tierra irlatxoan 81 etorkin zeuden atzo. Pasa den asteazken eta igandean, 19 eta 68 etorkinek lortu zuten hurrenez hurren aipaturiko irlatxora iristea. Bertan ez da inor bizi. Madrilgo Gobernuaren ordezkariak esan zuenez, «ez da bere arazoa» etorkin horiekin zer gertatzen den.
Jose Manuel Garcia-Margallo Kanpo Harremanetarako ministro espainolak nabarmendu zuenez, «luzera begirako konponbidea» aurkitzeko hizketan ari da Rabatekin. Bi gobernuen arteko harremana «bikaina» dela esan zuen, baita Isla de Tierran dauden etorkinei «behar duten laguntza» eman dietela ere.
Gibraltarreko itsasartean bi txalupa atzeman zituzten atzo goizaldean, hurrenez hurren sei eta hogei etorkin zeramatzatela. Osasun egoera onean zeuden guztiak ere.