Maitaldia prest da hamar egunez Biarritz dantzan jartzeko
Ostiralean hasi eta hilaren 16ra arte, mundu osoko 28 konpainien dantza ikuskizunak izango dira Biarritzeko Maitaldia jaialdian. 22. edizio honetan, tarte berezia egingo zaie emakume koreografoen lanei; Pantxika Telleriak «H.» estreinatuko du EliralE konpainiarekin.
GARA | BIARRITZ
Aretoetako emanaldiak, kaleko ikuskizunak, jendaurreko entseguak, autobus edo hondartzetako erakustaldiak... Hamar egunez dantzaz bustiko dira Biarritzeko bazter guztiak. «Beste behin festibal oso eklektiko bat egitea lortu dugu. Gure momentu indartsuenak Holandatik etorriko zaizkigun hiru konpainiekin hasiko dira, horien artean Dutch National Ballet entzutetsua. Israelgo Batsheva konpainia urteetan gurera ekartzen saiatu eta gero lortu dugu. Ekuadorreko Konpainia Nazionala heldu zaigu eta, gainera, emakume koreografo anitz elkartu ditugu», azaldu zuen Thierry Malandainek, jaialdiko zuzendari artistikoak.
Guztira 51 dantza hitzordu izango dira, horietatik 23 areto barruan. Aurtengoan toki berezia hartu dute emakume koreografoek. «Ez da helburua izan, baina programazioa egin eta gero konturatu gara toki garrantzitsua daukatela», esan zuen Maitaldiko zuzendari Yvonne Pocheluk. Horien artean da, esaterako, EliralE konpainiako Pantxika Telleria. Gainera, jaialdian zehar egingo diren bi estreinaldietako bat eramango du oholtzara, «H.» obra, hain zuzen. Irailaren 15ean taularatuko da lan berria, Theatre des Chimeresen, 19.00etan. Zazpi urtetik gorako publikoarentzat egina izan den koreografia honek Amaia Hennebutteren eta Ur Apalategiren azken obra literarioak hartu ditu abiapuntu.
Telleriaren hitzetan, «obra hau definitzen ahal da gorputzak sortzen duen doinu, ahots eta keinuen inguruan. Bilaketa lan nahiko esperimentala da, baina komedia musikal bezala ere ikus daiteke». «Gure hutsuneek betetzen gaituztelako `H.'-k gure gizatasunaz hitz egiten digu», gaineratu zuen.
Bigarren estreinaldia Nantesko Zentro Koreografiko Nazionala eta Brumachon-Lamarche konpainiaren eskutik etorriko da, «D'indicibles violences», izenekoa. Irailaren 11n aurkeztuko da Gare du Midi aretoan (21.00), eta, Malandainen esanetan, «estreinaldi honi esker, dantza munduko begirada asko guregana zuzenduko dira».
Aipatutakoez gain, besteak beste, Germaine Acogny senegaldarrak, hitzaren eta dantzaren bitartez, emakume afrikarraren egoera aztertuko du «Songook Yaakaar» lanean. Rukmini Chatterjee indiarrak, berriz, bere herriko dantza tradizionala Norvegiako black metalarekin elkartu du «Questionings» obran.