Harri-jasotzea
Jagoba Otaegik jantzi du berriro ere gazteen txapela
J.L.
Jagoba Otaegik irabazi zuen herenegun ilunabarrean kintopeko edo gazteen Euskal Herriko txapelketa. Aizarnakoa eta Telleria IV.a berdinduta geratu ziren, baina Otaegi arinagoa denez, arautegiari jarraituz, beretzat izan zen aurten ere txapela. Hirugarren urtez jarraian lortu zuen garaipena.
100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko kubikoa erabili zituzten. Otaegik 30 jasoaldi eman zizkion zilindro zaharrari, eta 19 kubikoari. Telleria IV.ak, berriz, 31 jasoaldi eman zizkion zilindro zaharrari, eta 18 kubikoari; guztira 49 jasoaldi.
Hirugarren postuan Esnaolak amaitu zuen. Zilindroari 28 jasoaldi eman zizkion, eta kubikoari, berriz, 15; guztira, 43. Azken postuan Lopetegik, finaleko gazteena 15 urterekin, amaitu zuen. 24 jasoaldi eman zizkion zilindroari eta 15 kubikoari; guztira, 39.
Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioa izango da bihar Ordiziako plazan, 19.00etatik aurrera. Bertan Ugaitz Mugertza eta Unai Otaño arituko dira nor baino nor.