GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Euskal jokalariak

Elisalde: «Bigarren Mailan jokatzeari ezin nion uko egin»

Donibane Lohizuneko atezainak lehen urtea du Niort taldean. Orain arte jokatu diren partida guztietan aulkian egon da, baina bera gustura dago.

p032_f01.jpg

Jon LEUNDA

Pascal Elisalde lapurtarrak beste urrats bat eman du bere futbol bizitzan, eta aurten Frantziako Bigarren Mailan ari da jokatzen, Niort taldean. 25 urte besterik ez ditu Donibane Lohizunekoak, baina bere ibilbidea jadanik oso luzea da. Avironen hasi zen, handik Tolosara (Okzitania) joateko, berriro Avironera itzuli, eta ondoren Eibar, Real Union, Logroñes CF, Cerro de Reyes, Beasain eta Cognac izan dira bere taldeak.

«Egia esan, iaz denboraldi ona egin nuen Cognac taldean, eta eskaintza egin zidaten. Ezin nion Bigarren Mailan jokatzeari uko egin», onartu du lapurtarrak. Orain arte, ordea, aulkitik ikusi behar izan ditu partidak. «Orain arte ez dut batere jokatu, partida guztietan aulkian egon naiz. Lanean gustura ari naiz, eta hamaikakoetan sartzea izango da nire hurrengo helburua», dio Pascal Elisalde atezain lapurtar gazteak.

Niortek ez du denboraldia ongi hasi, baina hobetuko duen itxaropen osoa dauka jokalari lapurtarrak: «Hasiera zaila izan dugu. Lehen Mailara igotzeko faboritoak diren talde guztien aurka jokatu dugu, eta zaila izan da. Nik uste dut jende ona daukagula, eta sailkapenaren erdialdean ibili behar dugula», aitortu du.

«Frantziako Bigarren Maila oso gogorra da, agian Espainiakoa baino gogorragoa. Talde batzuk oso onak daude, Lehen Mailako talde batzuk baino diru gehiago gastatu dute, eta, orokorrean, maila ona dagoela iruditzen zait», erantsi du.

Monako

Faboritoak aipatzerakoan, Monako taldea nabarmentzen du beste guztien gainetik. «Monako izan da Frantziako futbolean dirurik gehien gastatu duen taldea. Orain bi urte jaitsi zen Bigarren Mailara, eta iaz igotzea lortu ez zutenez, aurten diru asko gastatu dute. Lehen Mailan ere aurrean ibiliko litzateke. Igotzeaz gain, Kopa irabazi nahi dute, datorren urtean Europa League jokatzeko», dio.

Jendeak ere erantzun bikaina ematen duela nabarmendu du Pascalek: «Gure zelaira 10.000 ikusle inguru datoz partidetara. Monakoren aurka, esaterako, zelaia erabat bete zen 12.000 lagunekin. Jendea oso ongi ari da erantzuten», baieztatu du.

Etorkizunari begira, gauzak oso garbi dauzka. «Urte asko daramazkit etxetik kanpo, eta etxera gustura itzuliko nintzateke. Alavesen, Eibarren edo Real Unionen eskaintza bat jasoz gero, ez nuke zalantzarik egingo. Avironera itzultzea, berriz, zaila ikusten dut. Han atezain handi bat daukate; Ximunek goiko mailetako talde askotan jokatuko luke. Hori bai, hemen jarraitzeko proposamena eginez gero, edo kanpoan beste eskaintza on bat eginez gero, pentsatuko nuke», dio lapurtarrak.

Julien Ricaud lapurtarra da Niort taldean jokatzen ari den beste euskal jokalaria

Pascal Elisalde ez da Niort taldean ari den euskal jokalari bakarra, bertan ari baita jokatzen Julien Ricaud angeluarra ere.

Genetsen jokatu ostean, bigarren urtea darama Niorten, eta hamaikakoetan ohiko bihurtu da. Orain arte dena jokatu du, eta denboraldi oso ona ari da egiten. Zaleek ere estimu handitan dute, eta inor ez litzateke harrituko Gabonetako merkatuan edo datorren denboraldian talde handiagoren baten eskaintza jasoko balu.

Garbi dago Ipar Euskal Herrian lan ona egiten ari direla, eta Avironek duen maila onaz gain, futbolariak ere irteten ari dira errugbiaren tartetik. Etekina begi bistakoa da. J.L.

Ibilbidea

25 urte bakarrik izan arren, ibilbide luzea egin du Pascalek. Avironetik Tolosara (Okzitania) joan zen. Berriro Baionara itzuli, eta, ostean, Eibar, Real Union, Logroñes CF, Cerro de Reyes, Beasain eta Cognac izan dira bere taldeak.

Etorkizuna

Etorkizunari begira jarrita, garbi dauka etxera gustura itzuliko litzatekeela. Real Union, Eibar edo Alaves bezalako taldeetan gustura jokatuko luke lapurtarrak. Avironera itzultzea, berriz, zaila ikusten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo