GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Jardunaldia

Euskal jokalariez osatutako Mirandesek lehen garaipena erdietsi du

J.L.

Hiru jardunaldi itxaron behar izan ditu, baina ia talde osoa euskal jokalariez osatuta duen Mirandesek lehen garaipena lortu du Bigarren Mailan. Iaz igoera eskuratu ostean, zeuden ia euskal jokalari gehienek taldean jarraitu dute, eta beste batzuk fitxatu dituzte.

Pasa den larunbatean 0-4 irabazi zuen Xerezen zelaian Mirandesek, hamaikakoan zortzi euskal jokalari zituela; gero zelairatu ziren beste hiru jokalarietatik bi ere euskaldunak ziren. Goitia, Garmendia, Caneda, Aitor, Mujika, Martins, Muneta eta Arroyo aritu ziren hasierako hamaikakoan. Gero, Ruper eta Goiria zelairatu ziren. Aulkian, minutu bat bera ere jokatu gabe, Koikili eta Iribas geratu ziren. Beste euskal jokalari batzuk, berriz, deialditik kanpo geratu ziren.

Sartu zituzten lau goletatik, gainera, bi euskal jokalariek sartu zituzten. Aitorrek bigarrena egin zuen, eta Goiriak, berriz, laugarren eta azkena.

Bigarren B Mailan, Alain Barronen izena nabarmendu da asteburuan. Sestao utzi eta UD Logroñes taldera joan da bizkaitarra, baina orain arte ez ditu minutu gehiegirik izan. Pasa den igandean ere, Lleidaren aurkako partidan, neurketa amaitzeko zazpi minutu falta zirela zelairatu zen. Errioxakoak 0-1 galtzen ari ziren, eta, azkenean, Barronek sartutako golari esker berdindu ahal izan zuten.

Pasa den astean itxi zen udako merkatua, eta azken orduko aldaketa batzuk ere izan dira. Joseba Arriagari asko kostatu zaio taldea bilatzea, baina bizkaitarrak Tarragonan jokatuko du azkenean Nastic taldearekin. Udan AFE elkarteak batzen dituen jokalariekin aritu ostean, azkenean badauka aurten ere non jokatua.

Beste batzuk, taldea izan arren, ez zeuden gustura zeuden lekuan, eta talde berria dute. Iker Torre La Roda taldean zegoen, baina Albacete aldean ez zegoen batere gustura, eta etxetik gertura itzuli da, Kantabrian jokatuko baitu Noja taldean. Igandean hasi zen jokatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo