GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

Maite zaitut

 

Maite zaitut, maite-maite zaitut; pila, pila, pila atseden eguna! Maite zaitut. Maite-maite zaitut, ilargiraino eta buelta maite zaitut». Cuitu Negro mendateko etapan izarrak ikusi ondoren, patata tortilla gosalduz hasi dut atseden eguna, eta zin dagizuet pila-pila gustatu zaidala patata tortilla! Etapa gogorra atzokoa [herenegungoa], ordu eta erdi inguru intentsitate maximoan egin ondoren ihesaldi ahalegin gehienetan egoteko, balekoa egin eta bertan ez geundenez lan egitea tokatu zitzaigun lasterketa gogortu eta aukeraren bat eduki ahal izateko.

Mendateak gora eta mendateak behera, abiadura handian etapa oso gogorra zihoan eta azken mendatea, Pajares, nahikoa ez bazen, Ilargiraino eta buelta egin beharra geneukan. Pajares gainean, ilargiraino igotzen zuela ematen zuen errepidea hartu eta hala moduz harrapatu genuen Cuitu aurpegi beltzarekin.

Berriz Pajaresera jaitsi eta bi ordu eta erdi autoan eginda hotelera iristean, han zeuden Katushakoak masajea hartuta eta afaltzeko prest; helikopteroan jaitsi ziren! Hau marka, karreran zein karreraz kanpo egurra ematen digute!

Baina tira, atseden eguna denok ere gustura hartu dugula uste dut. Premia genuen. Eta behin hau pasata, atzera kontaketa hasten zaigu: mendiko etapa bi, lauak beste bi eta Madrileko kaleetan azkena emanaz etxera bueltatzeko gogoa sentitzen hasiak gara.

Helburuak betetzen saiatuko gara datozen egunetan, geratzen diren indar apurrak xahutuz igandera bitartean. Behin Castellanara iritsitakoan, pila-pila maite-maite ditugunena itzultzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo