Ariane Kamio | Kazetaria
Hori gezur borobila da
Nola deituko dizu haurrak? Ama. Eta bikotekideari? Ama baita ere. Eta amaz galdetzen duenean, nork erantzungo du? Biok erantzungo diogu, arreta bikoitza jasoko du hala». Generoen bereizketak amatasunean hartzen duen garrantziak biziki sutu nau azken hilabeteetan. Familia ereduez harago, emakumeak eta gizonak bete behar dituzten paperak aurrez erabat definituak daudela ohartu naiz, eta haien kontra egitea batzuetan suizidioa izan daitekeela konturarazten saiatzen da gizartea, oro har.
Azken zortzi hilabeteetan, gizonezkoen azalean jarrarazi naute, nahi gabe, baina halakoxea naiz jendaurrean. Amarekin, haurrarekin, lotura naturalarekin, zilbor hestearekin, maitasunarekin eta orokorrean, amatasunarekin, erditzen den pertsonaren maitatzeko eskubidearekin borroka etengabean jardutera behartu naute. Eta horrek iraultzara, aldarrikapenera eta matxinadara eraman nau. Klixeak errepikatzen dira, modernitatearen eta askatasunaren izenean.
Behingoagatik, emakumezko baten ikuspegitik, gizonezkoen generoarekin elkartasun berezia piztu zait. Haurdunaldian, erditzean eta ondorengo asteetan bikotekidearen betebeharra argia da: ama eta haurra zaintzea. Horrek esan nahi du, erregistroko paperak betetzea (badu bere logika, erditu den emakumea ondoezik baitago oraindik), erosketak egitea, etxeko lanez arduratzea, bisitei harrera egitea... Hots, aste batzuez idazkari lanetan aritzea.
Adituek eta sektore naturalistek garrantzi berezia ematen diote amaren eta haurraren arteko elkarrizketa naturalari, naturak egindako lanaren ondorioz sortutako maitasun puskaezin horri. Ados harreman hori mantendu eta elikatzearekin baina, noiz helduko da familiaren beste zatiari, lotura hori noiz eraiki zain dagoen pertsona horri seme-alaba ezagutzen lagunduko dion zubi eraikitzailea? Bien artean eraikitako proiektu bat bakarraraztera eramaten ez ote gaituzten pentsatzen hasia naiz, amaren figura unitarioa muturreraino eraman arte. «¿Madre no hay más que una?». Hori gezur borobila da. [@arianekamio]