GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi | Kazetaria

Uharraren erdian zaldia hil

Zenawi zen Mendebaldearen «zaldia», bakarra, eskualde nahaspilatsu horretan. Somaliako kaka-pilan, demagun. Edo Sudan Hegoaldeko sezesioaren auzian. Edo...

Abraham Lincolni egotzi ohi zaio harez geroztiko mende eta laurden honetan mila aldiz errepikatu den esamolde politikoa: «Ez itzazu alda zaldiak uharraren erdian zaudenean». Bera baino lehenagoko nekazari baten ahotan ipintzen zuen ordea Lincolnek. Edozein delarik aburuaren aita, esanahia aski gardena da: estutasunean zaudenean, ez zaitez hasi zeure oinarrizko zioak aldatzen. Antzeko zerbait esana zuen jada Loiolako herrenak. 1864ko uharra, jakina, amaitzear zegoen gerra zibila zen AEBetan.

Ez dut aurkitzen, haatik, uharraren erdian zaudenean zaldia(k) hiltzen bazai(zki)zu zer egin erabakitzen lagun dezakeen esapiderik. Eta eskertuko litzateke halako zerbait. Hori ere gertatzen baita.

Isekatzat ere har liteke uharraren analogia aipatzea Afrikako Adarraz hitz egiterakoan, munduko parterik idorrena izan gabe sikateek arazo garaikiderik latzenak sortzen dituzten eskualdea delako. Baina, agian horrexegatik, politikoki munduko zonalde korapilatsu eta oldarkorrenetakoa ere badenez, ez da gehiegikeria izango «uharra» hizpideratzea. Eta zer ez da gertatu uhar horren erdian azken 50 urte hauetan? Estatu kolpeak, aliantza mudantza erabatekoak, gerrilla eta gerrak, zibilak zein estatuen artekoak... Beste edonon ezinezkoak edo ulergaitzak liratekeen gauzak ikusten dira Afrikako Adarrean.

Horietako bat zen, hein batean, Meles Zenawi -Etiopiako lehen ministroa eta factotuma azken 20 urte hauetan- eta Mendebaldeko potentzien arteko maitemina. Ideologikoki Zenawi marxista-leninista zela esatea ez litzateke gehiegikeria, eta sozio-ekonomikoki Latinoamerikako errejimen bolivarzaleak baino bastante ezkerrerago legokeela edozein arlotan baiezta genezake. Berak eta bere gerrilla-kideek eraitsi zuten Dergaren diktadura militar sobietizantea baino askoz aurrerakoiagoa izan da Zenawiren errejimena Etiopiako herri ezberdinen elkarbizitza antolatzerakoan, adibidez.

Eta, hala ere, Zenawik Mendebaldeko potentzien abegi ona -gero eta laztanagoa, itxuraz- bereganatu duela aldarrika genezake. Baita azken urte hauetan garaipena ematen zioten hauteskundeen garbitasuna zalantzagarria zenean eta barne oposizioaren aurkako errepresio neurriak areagotu dituenean ere. Bera zelako Mendebaldearen «zaldia», bakarra, eskualde nahaspilatsu horretan. Somaliako kaka-pilan, demagun. Edo Sudan Hegoaldeko sezesioaren auzian. Edo...

Orain, Meles Zenawi «zaldia» hil egin da, 57 urterekin. Azken ordura arte ezkutatu nahi izan den garun tumore batek eraman du, antza. Hileta ikusgarria egin diote Addis Abeban, Zewditu erregina hil zenez geroztik ezagutzen ez zen handitasunarekin. Baina etorkizunaz galde egiten dute, barrenean, denek: «zer gertatuko da orain?». Zenawiren errejimena haren nortasunaren eta buruzagitzen inguruan eraikita dago; inork ez du espero Hailemariam Desalegn oinordeko «teknokratak» haren hutsunea bete dezakeenik: Zenawiren karismarik ez eta oinarri etniko ahulegia du.

Uharra, ordea, inoiz baino harroago dator: Hego Sudango prozesua kinka larrian, Somaliako nahaspila Kenyara hedatzen ari...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo