GARA > Idatzia > Euskal Herria

AEK-k matrikulazio kanpaina abiatu du, «euskara bizia» sustatzeko asmoz

«Euskara bizia» lelopean, AEK elkarteak 2012-2013 ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkeztu zuen atzo, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Euskara bizitzako esparru guztietara zabaltzea da erakunde euskaltzalearen aurtengo helburu nagusia, atzo nabarmendu bezala.

p014_f01.jpg

Mikel PASTOR |

«Euskararen ezagutza bizitzarekin lotu nahi dugu. Hau da, klaseetan ikasitakoa, etxean, kalean, lanean, lagunartean erabiltzea, eta eguneroko jardueretan erreminta erabilgarria bilakatzea». Horren argi mintzatu zen atzo Ana Castro, AEK-ko irakasle eta erakunde euskaltzaleak atzo aurkeztu zuen 2012-2013 ikasturteko matrikulazio kanpainako irudia.

Aurtengo leloak zeresan berezia dauka, «euskara bizi dagoela transmititu nahi dugu, kalean dagoela, aldatu egiten dela, mugitu», azaldu zuen Castrok.

Laguntza gutxi, ilusio bera

Mertxe Mujikak hartu zuen hitza Castroren ondoren, ikasturte berriaren nondik norakoak zehazteko, eta AEK erakunde euskaltzaleak «berrogei urtetan zehar egindako lan zoragarria» azpimarratzeko.

Mujikak azaldu bezala, «eskaintza oparoa» prestatu du AEK-k, euskara ikasteko edo hobetzeko. Bide horretan, zenbait mekanismo edo bide ezberdin egongo dira «ikasleen beharrei egokituak».

Printzipala, noski, euskaltegiak izango dira, «ikasteko bide eraginkor eta berriekin, ikasketa errazago egiteko». Ehun euskaltegi baino gehiago dauzka AEK-k Euskal Herri osoan, eta «maila eta ordutegi ezberdinekin, goizez zein arratsaldez» eskaintzen dituzte euskara ikastaroak.

Ikasguneetara hurbiltzeko betarik ez daukatenek ere izango dute gure hizkuntza ikasteko aukera, on line ikastaroen bidez. Euskaltegietan bezalaxe, ikasleak erabakitzen duen maila eta ordutegia izango du.

Horiez gain, barnetegiak nabarmendu zituen Mujikak. Izan ere, AEK-ko bozeramaileak azaldu zuen bezala, «hizkuntza bat ikasteko ez dago hizkuntza hori hitz egiten deneko ingurunean murgiltzea bezalakorik». Hilabete inguruko egonaldiak eginez euskaraz hitz egiten bizi ahal izango dira ikasleak Foruko (Bizkaia) barnetegian.

Mujikaren ustez, «gero eta jende gehiagok ikasi nahi du gure hizkuntza, eskura ditugun inkesten arabera», besteak beste, «langabe askok, euskarak lan arloan daukan garrantziaz jabetuta».

Horregatik, instituzio eta administrazioei deia luzatu zien AEK-ko bozeramaileak: «Euskara ikasteko diru laguntzak ez kentzeko eskatzen diegu, are gehiago, arlo ekonomikoan bizi dugun egoera larri honetan. Euskara lehentasuna izan behar dela sinesten dugu».

erakundeei deia

Euskal Herriko instituzio eta administrazioei deia egin zien atzo AEK-k, euskara ikasteko diru laguntzak murriztu ez ditzaten, «gure hizkuntza lehentasuna izan behar delako».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo