Narkotrafikoaren aurkako gerran aldaketak eskatu ditu Mexikoko Marina ministroak
Narkotrafikoaren kontrako gerran zenbait aldaketa egitearen alde egin zuen Mexikoko Marina ministroak. Bere hitzetan, espioitzari «lehentasuna» eman behar zaio, «Indar Armatuak hainbeste erabili beharrean».
GARA | MEXIKO DF
Mariano Francisco Saynez Marina ministroaren hitzetan, Mexikoko Gobernu berriak eutsi egin beharko lioke orain arte narkotrafikoari aurre egiteko jarraitutako ildoari, baina estrategia horri zenbait aldaketa egitea proposatu zuen, esaterako, espioitza lanari «lehentasuna» ematea.
«Droga taldeen kontrako borrokarekin jarraitu behar dugu. Ezin dugu bertan behera utzi edo atzera egin. Hurrengo Gobernuak jarraitu beharko luke indarrean dagoen estrategiaren parte batekin, egokiak iruditzen zaizkion aldaketak eginez», plazaratu zuen. Bere ustez, «inteligentzia zerbitzuei» lehentasuna eman beharko litzaieke. Egun, narkotrafikoaren aurkako borrokaren oinarria Indar Armatuak dira. Saynezen aburuz, Gobernuak horien «gehiegizko erabilera» egin du. «Estrategia berri horren helburuak biolentzia murriztea izan beharko luke, Indar Armatuen gehiegizko erabilera saihestuz. Atxilotu nahi ditugun horiek huts egin gabe aurkitu eta epailearengan eraman ahal izateko prestakuntza finagoa duten taldeak behar ditugu. Hori da nire iritzia eta hala egitea espero dut», adierazi zuen Marina arduradunak.
Astelehenean, Felipe Calderon presidenteak urtero Gobernuak egiten duen txostena aurkeztu zuen. Bertan izan zen Saynez. Astelehenekoa, Gobernuaren seigarren eta azken txostena izan zen, abenduaren 1ean, Enrique Peña Nieto izendatuko baitute Mexikoko presidente.
2006an boterea hartu zuenean abian jarri zuen estrategia defendatu zuen Calderonek. Azken sei urteotan, herrialdearen militarizazioa bultzatu du, bereziki drogaren kartelek indarra duten lurraldeetan. Datu ofizialen arabera, 60.000 hildako eragin ditu drogaren kontrako estrategia horrek.
Calderonek AEBei egotzi zien egungo egoeraren ardura, «beraiek baitira drogaren kontsumitzaileak, eta kartelei dirua eta armak ematen dizkietenak».